Atzo arratsaldean egin zen Amurrioko uztaileko Udal Osoko Bilkura. Adostasuna izan zen nagusi, aurkeztutako puntu guztiak onartu baitziren.
Hiri Antolamendurako Plan Estrategikoa, Ingurumenaren Azterlan Estrategikoa eta Genero-inpaktuari buruzko Aurretiazko Txostenaren hasierako onespena gauzatu zuten lehenbizi. Guk Bai eta Orain Amurrio taldeak abstenitu egin ziren, eta gainontzeko taldeek alde bozkatu zuten. Orain Amurriok adierazi zuen nahiago izango lukeela gauza bakoitza banan-banan bozkatzea. Hala ere, talde horretako ordezkaria den Kepa Gonzalez zinegotziak adierazi zuen kontuan hartu zirela generoari eta ingurumenari dagokionez aurkeztu zituzten alegazioak. EH Bilduk ere bat egin zuen aintzat hartu ziren ekarpenekin.
PPren bi mozio, aho batez onartuak
PPk bi mozio aurkeztu zituen plenoan. Tren geltokiaren alboko aparkaleku kopurua ugaritzea eta bertan dagoen plaza berritzea eskatu zuen Alderdi Popularrak mozio horietako batean. Bestean, aldiz, lehen sorospenetako prestakuntza gehiago eskaintzea eskatu zuen. Aho batez onartu ziren bi puntuak, aurretik batzorde batean eztabaidatu eta adostu zirelako.
Orain Amurrioren zinegotzi berria
Amaitzeko, Angel Jimenez Esquilasek zinegotzi karguari uko egin zion. Orain Amurrioko zinegotziak “arrazoi pertsonal eta laboralengatik” utziko dio hautesti izateari, eta Mari Jose Garcia Castrok ordezkatuko du. Gainontzeko taldeek Jimenezek egindako lana aitortu zuten bilkuran. “Berezko gaitasuna izan du talde politikoen arteko giroa hobetzeko”, adierazi zuen Josune Irabien alkateak.
Ikusi bilkura osoa hemen: