"Atzerritarrak eta gazteria kriminalizatzeko joera dago, baina datuek ez dute kolektibo horien delitu mailen igoera frogatu"

Aitor Aspuru Saez 2018ko abu. 1a, 12:54

Miren Rodriguezen lana aitortu dute Oviedon kriminologoek.

MIREN RODRIGUEZ ARRATE (Amurrio) kriminologia ikasketak bukatu berri ditu eta modu paregabean, gainera. Berak egindako lana hautatu dute Oviedon Espainiako Kriminologia Kongresuan.

Kriminologia ikasketak bukatu bezain laster saria jaso duzu. Non eta zergatik?

Gradu amaierako lana burutu nuen Gasteizen, bertan krimen mapa osatzeko helburu nuen eta 2016an izandako lapurreta kasu guztiak aztertu nituen.

Mapa horretan krimen-maila handiak erakusten zituzten guneak kokatzeak, lapurreta gertakariaren sorburua sakonki aztertzeko aukera eman zidan. Lanak oso harrera ona izan zuen unibertsitatean, beraz, Espainiako Kriminologia Kongresura eraman nuen.

Ezuste polita izan zen beste ikasle askoren artean aurre-aukeratua izatea, eta askoz gehiago Oviedon lana aurkeztu ostean, irabazlea izatea. Sariak lan esparru honetan aurrera jarraitzeko behar nuen motibazioa handitu dit.

 

"Sariak lan esparru honetan aurrera jarraitzeko motibatu nau"

 

Zergatik jo zenuen kriminologia ikastera?

Egia esanda, kriminologia ez da betidanik buruan izan dudan zerbait. Hasiera batean medikuntza ikasi nahi nuen, baina selektibitatean 11,9 atera ostean, atarian gelditu nintzen, amets hori bete ezinik.

Beraz, beste bide batetik jarraitu behar izan nuen, eta hori bai, kriminologia graduak nire arreta osoa deitu zuen honen berri izan nuen une beretik.

Nola bideratu dezakezu zure bizitza profesionala hortik abiatuta?

Irteera profesionalak esparru honetan, oraingoz, ez dira oso ugariak Espainiar Estatuan. Gaur egun, kriminologook biktimentzako laguntza bulegoetan, kartzelan, polizia-gorputzetan, epaitegietan edota udalerrietan lan egin dezakegu aholkulari edo aditu moduan, baita irakasle-ikerlari bezala unibertsitatean.

Nire kasuan, hurrengo urratsa doktoretza ikasteko beka lortzea izango da. Azken bolada honetan, ikertzaile eta unibertsitate irakasletzat ikusten dut nire burua.

Zein izango da zure hurrengo ikerketa esparru horretan eta zergatik hautatu duzu?

Nire doktoretzaren tesia gune berdeetan, parkeetan alegia, gertatzen diren delituak aztertzea izango da.

Ikerketa honek erronka handia suposatzen du kriminologiaren arloan, ikertzaileen artean hainbat ideia baitaude gune berdeek delinkuentzia murrizteko balio ahal dutenaren inguruan. Lan hau ingurumen kriminologia barruan kokatu daiteke, eta hauxe bera da nire espezialitatea.

Krimenaren aurkako erantzuna beti poliziala da, kriminologiatik?

Krimenaren aurkako erantzuna, polizia, kriminologo eta beste hainbat profesionalen arteko elkarlanaren emaitza izan ohi da.

Kriminologoek, delituen aurkako lan zuzena egin beharrean, ikerketa lana egiten dugu, delitugintzaren fenomenoa aztertu eta deskribatzeko, bereziki, fenomeno hori aurreikusi eta saihesteko.

Bestetik, politikarien erabakiak bideratzeko proposamenak ere ematen ditugu, beti datu enpirikoetan oinarrituta.

Krimenak maiz agertzen dira hedabideetan, baina bere oihartzuna eta errealitatea, oro har, ez dira berak, ezta? Azkenaldian gazteria (edo gazte mota batzuk) nabarmendu dute, adibidez.

Normalean, hedabideetan delitu larrienak eta “morbosoenak” agertzen dira, eta horrek kriminalitatearen irudia desitxuratu egiten du, maiztasun zein indarkeria mailak handiagoak ematen dituztelako.

Horrek gizartean segurtasun gabezia sortzen du, eta gehienetan kolektibo zehatz bat seinalatzen du. Gaur egun, atzerritarrak zein errekurtso gutxiko gazteria kriminalizatzeko joera dago, baina datuek ez dute kolektibo hauengan delitu mailen igoera frogatu.

Hala ere, delitu mota batzuen igoera aipatu beharra dago, interneten bidez egiten den sexu-jazarpena adibidez, erronka handia suposatzen dutenak kriminologoen belaunaldi berrientzat.

 

"Gure gizartea matxista da eta horrek edozein prebentzio programa oztopatzen du"

 

Orain emakumeen kontrako erasoek protagonismo handia izan dute. Nola egingo zenioke aurre bortizkeria horri zure esparrutik?

Gure gizartea matxista da berez, eta horrek edozein prebentzio programa oztopatzen du. Hala ere, badira delitu mota hauek saihesteko teknika asko. Lehendabizi prebentzioan zentratu, txikitatik berdintasuna ikastolan eta etxean landu, berariazko programak garatuz.

Bestetik, arrisku-kolektiboekin lan egin, hau da, delitu hauek egiteko probabilitate handiagoa duten pertsonekin, pentsaera matxista edo auto-kontrol eza duten pertsonekin, adibidez.

Azkenik, prebentzioak eraginik ez duenean, delitu mota hauek gertatzen diren eszenatokiak ere ikertu daitezke, jokaera hau errazten duten ingurumenaren ezaugarriak zuzentzeko.

Urrats guzti hauek bete arren, baliteke delitu guztiak ekidin ezin izatea, delitugintza giza portaera arrunta baita. Horregatik delitu gertaeren maiztasuna ahalik eta gehien murriztea da gure helburua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide