Mateo Balbuena, miliziano komunista, idazlea, pentsalaria... eta orain pregoilaria ere

Txabi Alvarado Bañares 2018ko abu. 7a, 12:35

Argazkia: Anselmo Lorenzo fundazioa

Guda Zibilean miliziano gisa aritutako Mateo Balbuena izango da aurtengo Amurrioko jaietako pregoilaria. 

Amurrioko Jaietako pregoia berezia izango da, ziur. Erraz aurreikusi daiteke hori pregoilaria nor izango den kontua hartuta. Mateo Balbuenari egokitu zaio aurten festei hasiera emateko diskurtso hori prestatzea. Ez da herriko kultur edo kirol talde beterano bateko kidea, ezta oso pertsona ezaguna ere. Bere bizitzan pairatutako gorabeherengatik eta eginiko ekintzengatik hautatu dute pregoilari izateko.

San Pedro mendian borrokan
1913an jaio zen Balbuena, Leonen. Bai, 105 urte beteko ditu datorren irailaren 21ean. Oso gaztea zela hasi zen Espainiako Alderdi Komunistan militatzen. Asturiaseko iraultzan parte hartu zuen, eta Guda Zibileko gorabeherek ekarri zuten Aiaraldera. “Bilboko zutabe batekin etorri nintzen eskualdera, 1936ko abuztuaren hasieran, etsaia Urduña konkistatzen saiatu zelako”, azaldu zuen Balbuenak Aiaraldea hedabidearekin eginiko elkarrizketa batean, “San Pedro mendia okupatu genuen. Hor egon ginen borrokan egun batzuk, etsaiak amore eman behar izan zuen arte”.

Leandro Carro bataloi komunistaren teniente gisa jardun zuen Balbuenak Aiaraldean. Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere aritu zen borrokan. Kantabriara joan zen gero eta Torrelavegan zauritu zuten. “Jainkoarengan sinetsiko banu, biziraun izana mirari bat izan zela esango nuke, bonba defentsiboez beteriko gerriko bat bainuen jarria eta ez zuen eztanda egin”.

Frankisten kartzelan preso
Balbuena Teruelen zegoen guda amaitu zenean. Estatu Frantsesera ihes egiten saiatu zen, baina frankistek atxilotu zuten bidean. “Etxola batean lokartu nintzen. Handik denbora gutxira hotza sentitu nuen buruan: Guardia Zibilen fusilen kanoiak ziren. Inguratuta zuten etxola”.

 

“Bilboko zutabe batekin etorri nintzen eskualdera, 1936ko abuztuaren hasieran, etsaia Urduña konkistatzen saiatu zelako”

 

Hainbat kartzeletan egon zen gatibu, baina ez zuten fusilatu. “Preso eraman ninduten, baina handik sei hilabetera niri buruzko informazioa heldu zen Barakaldotik. Pertsona ona nintzela zioten, eta ez nintzela inoiz tabernetan sartzen. Azken hori egia zen. Bertan ez ninduten ezagutzen, eta ez ziren konturatu militantea nintzela”. Handik gutxira geratu zen aske, baina beranduago berriro murgildu zen politikan, eta berriz atxilotu zuten. Emaztearekin akademia sortu ostean, Alderdi Komunistan lan egiteari utzi zion. 

Idazle eta pentsalari nekaezina
Urteak daramatza Balbuenak Lezamako baserri batean bizitzen, Guda Zibilean lubaki izan zuen San Pedro mendiaren magalean. Bakarrik bizi da, eta orain dela oso gutxira arte bere kabuz jaisten zen ostegunero Amurriora, azokan erosketak egitera. Ehunka liburu ditu etxean, eta baita idazmakina zahar bat ere. Makina bat liburu idatzi ditu makina horrekin. Hamahiru lan argitaratu ditu, hainbat motatakoak: antzezlanak, eleberriak, saiakerak... Gaurkotasun politikoa oso gertutik jarraitzen du. Hori argi utzi zuen iragan martxoan Urrezko Guk saria eman ziotenean. Pentsionisten protestak eta igaro berri zen greba feminista izan zituen hizpide, besteak beste.

Gauzak hala, baliteke datorren abuztuaren 12ko txupinazoan irakurriko duena ez izatea parradarako prest dauden herritarrek espero duten pregoia. Hori bai, ziurtzat eman daiteke oso hitzaldi interesgarria izango dela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide