Abuztuaren 24an izango dira Larrabeko Jaiak. Aurten ere, ohiko ekintzak egongo dira. 10:00etan piztuko dute festetako suziria. 11:30ean, berriz, meza izango dute herriko kaperan. Edadetuenei umeek hartuko diote lekukoa, 12:00etan jarriko baitute martxan umeen jolas-parkea.
Gaztelu puzgarriekin batera, gastronomiak beteko du egitaraua. Izan ere, arraultzopil txapelketa hasiko dute 12:00etan. "Ezinbestekoa da zelaian egitea", zehaztu dute antolatzaileek. Sariak ere jakinarazi dituzte: lehen sailkatuarentzat 40€ eta garaikurra, bigarrenarentzat 30€ eta euskal pastela, eta hirugarrenarentzat 20€ eta euskal pastela. Alabaina, 13:30ean emango dute ezagutzera zeintzuk izango diren txapeldunak, sari banaketarekin. Ondoren tarta baten zozketa egongo da.
Arratsaldean haurren gunea egokituko da berriro, oraingoan jolasekin. 16:30ean izango da hori. 18:00etan igel-joko txapelketa prestatuko dute, "izen-ematea euro bat" izango delarik. Txokolatadarekin bukatuko dute joko tartea: "Umeek dohainik, helduek 0’20 zentimo ordaindu beharko dute". Arratsalde erditik aurrera -18:30ean hasita- zumba izango da nagusi. Gauean, ostera, mahai buelta izango da protagonista: herri afaria eta Bocabeats komediaren emanaldiarekin. Jumas Banden kontzertaurekin eta karaokearekin bukatuko dute gaua.