Igande gauean zendu zen Iñaki Ruiz. 59 urteko telebista profesionalaren heriotzak oihartzuna izan du hedabideen esparruan. Esaterako, EITBk eta Mediapro ekoizpen etxeko langileek adierazi dizkiete doluminak lagun eta senideei. Mediaproko beharginek nabarmendu dute pertsona umoretsua eta talentu handikoa zela.
Berez, Iñaki Ruiz agurtzeko aukera izango dute bihar lagun, senide eta ezagunek Amurrioko tanatorioan, 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 19:00ak bitartean.
Iñaki Ruizek zuzendu zituen "Rompecabezotas","Date el bote" eta "Atrapame si puedes" bezalako saio ospetsuak eta Hostoil enpresako kidea zen. Errioxako telebistan ere lan egin zuen.
Aspaldi Amurriotik kanpo
Iñaki Ruizek 1994an hasi zuen bere jarduera profesionala telebistan Juanma Lopez de Iturriagaren eskutik, garai horretan bere koinatua zen saskibaloi jokalari ohia. Horren ondorioz, amurrioarra kanpora joan zen bizitzera eta, neurri handi batean, harremana galdu zuen hainbat jenderekin, baina inoiz ez senideekin.
Berez, 1994. urtera arte Colsa enpresan lan egin zuen administrari moduan eta LAB sindikatuko kidea izan zen. Herriarenak jai kuadrillako sortzailea izan zen eta areto-futbolean aritu zen Ipurbeltz taldearekin; San Jose auzoan edota Laudion jokatu zuen askotan. Mendiko Lagunak klubeko bazkide ere izan zen.
1985ean atxilotua, espetxeratua eta absolbitua
1985ean Iñaki Ruiz eta Amurrioko zenbait gazte atxilotu zituzten Espainiako indar polizialek. Sozialisten egoitzan lehergailu bat jartzea leporatu zieten eta Ruizek hiru hilabete baino gehiago igaro zituen espetxean. Tarte horretan Carabanchel, Alcala Meco eta Herrera de la Manchako kartzeletatik igaro zen.
Urriaren 30ean askatu zuten, bermea ordaindu eta gero. 1986an izan zen epaiketa eta Iñaki Ruiz zein gainerako akusatuak absolbitu zituzten.