25 urte beteko ditu aurten Amurrioko Artzain egunak. Ohi bezala, egun osoko egitaraua prestatu dute. Larunbatean izango da aurreneko ekintza, 12:00etako XIV. Kanpai kontzertua.
Igande goizean, aldiz, ardiak izango dira nagusi. 10:00etatik 14:30era Latxa arrazako ardien probintziarteko XXIV. lehiaketa jokatuko dute. Horrez gain, Arabako esnetarako artalde mutur-beltz eta murtur-gorri onenen lehiaketa eta erakusketa egongo dira; baita eskualdeko esne kontroleko ardi onenen txapelketa ere. Ildo beretik, sasi ardi arraza ezagutzeko aukera eskainiko dute, Euskal Herriko bertako arrazarena, hain zuzen. Antolatzaileen hitzetan, ez da ohiko jarduera: "Babes berezia du animaliak".
Gazta txapelketa eta tailerra
Gaztak ere izango du tartea programan, ardi-gaztaren XI.txapelketa jokatuko baita Ruperto Casnuevaren omenez. Alabaina, "gaztaren V.herri lehiaketa" ere egingo dute; 10:00etatik 13:00etara izango da hori. Prozesua gertutik ezagutu nahi dutenentzat, ostera, tailerra egingo dute 12:00etan. Segidan ilea mozteko bi teknika erakutsiko dituzte: tradizionala eta Zelanda Berrikoa. Artzainen ongietorri-ekitaldia, berriz, 11:30ean izango da, eta 13:30ean Arabako artzainen omenaldia.
Txapelketa guztien sari banaketak 13:30ean izango dira, ardi-jana eta dastaketarekin batera. Arratsaldean, aldiz, Artzain txakurren XIX.lehiaketa jokatuko dute, Justo Furundarenaren memoriala hain zuzen. "Herritar guztiei dei egiten diegu jantzi tradizionalekin jantzita etor daitezen. Partaide guztien artean baserriko produktuak zozketatuko dira".