Pasa den astean Saratxoko Administrazio Batzarrak Ertzaintzari deitu zion enpresa bat hasi zelako berriro hondakinak botatzen herriko zabortegian.
Erakundeetan galdetu eta gero, saratxoarrei adierazi zieten enpresak baimen guztiak dituela Eusko Jaurlaritzaren aldetik jarduera horretarako.
Hala ere, Administrazio Batzarrak salatu du herritik igaro diren zenbait kamioi ez zutela zama estalirik eta, ondorioz, hautsa utzi dutela bidean. Euren iritziz, segurtasun neurriak ez dira betetzen ari.
Zentzu horretan, Saratxoko herritarren ordezkariek azpimarratu dute inork ez diela jakinarazi ezer lan horiei buruz eta ez dakitela zein hondakin mota garraiatzen ari diren. Horregatik, uste dute ura edo lurra kutsatzeko arriskua dagoela.