Noiztik bizi zara Perun eta zergatik joan zinen hara bizitzera?
Perukoa dut emaztea. Han ezagutu nuen, Liman, bera Cuzcokoa bada ere. Ezkondu eta hona etorri ginen bizitzera. Zortzi urte egon ginen Amurrion, eta hemen jaio ziren gure bi semeak. Gero, lanagatik batez ere, hara joatea erabaki genuen, duela lau urte eta erdi pasatxo.
Zer iruditu zitzaizun arrotza Perura heltzean?
Gauza asko, noski. Kaleko bizitza zurrunbiloa zen niretzat, Liman batez ere. Cuzcon, berriz, gauza somatiko bat gogoratzen dut bereziki: alturako gaitza, itsasoaren mailatik 3.400 metrora baitago hiria. Ohitu arte ez zara ondo oxigenatzen eta itolarrizko flakia, arnastu ezina bezala, egiten zaizu. Ez da batere atsegina.
Desberdina da bizimodua, laneko nahiz eskolako ordutegietatik hasi eta urtemugak ospatzeko moduraino. Egutegi katolikoak ere gurean ez hain aspaldi oraino zeukan presentzia publikoa du eta aski arraroa egiten zait hori.
Lan egiteko modua ere, akaso pausatuagoa ikusten dugu baina ordu gehiagoan egiten da lan bertan.
Zer da gehien gogoko duzuna eta zer gutxien?
Bazterrak ederrak dira, batere duda gabe. Bestela ere, nahiko klasista gertatzen zait sarritan Peruko gizartea. Aski matxista eta arrazista ere bai, tamalez. Ez uneoro, jakina, baina bai kezka sozial larria eragiteko bezain modu zabal eta errotuan.
Nolanahi ere, baikorra ere banaiz, uste dudalako azken urte hauetan berdintasunaren aldeko aldarrikapenetan asko aurreratu dela.
Interes berezia jarri diozu bertako kulturari eta kitxuari, bereziki. Zergatik?
Peruko 47 hizkuntzetako bat da kitxua. Identifikazio etniko handia dute gainerako hizkuntzek, baina kitxua etnia, gizarte-klase edo kultura batera mugatzea zailagoa da. Lurralde batera mugatzea ere bai.
Garai batean hizkuntza nagusia izatearen ondorioa da hori, noski. Inkek lehenbizi, baina baita Koloniaren hasieran espainiarrek ere, kitxua sustatu zuten, hizkuntza txikiagoen kaltetan. Lehendik bereak ez zituen eremuak bereganatu zituen konkistaren ondoren ere.
Liluratu egiten ninduen aurkikuntza horrek: hizkuntza gutxituaren sustapena eta babesa ez izatea, berez askatzailea. Erabateko menperatzaile kalkulatuak ere izan daitezke horiek: leku seguru eta subalternoa bermatzen zaio hizkuntzari, haragoko lekuak ez eskatzeko baldintzarekin. Oso “modernoa” da Cuzcoko kitxua, eta hiria inola ere ez hizkuntza horren “sorburua”, famak bestela badio ere.
Horrek ez du linguistikoki dudarik ematen, baina oso gai polemikoa da oraindik ideologikoki eta politikoki, eta alferrik luzatzen ari dira horren inguruko eztabaidak, hizkuntzaren normalizazio benetan eraginkor baten kaltetan.
Cuzcon bizi zara, zer uste duzu dela ezinbestekoa jakitea hiriari buruz?
Turismoari begira bizi da Cuzco, horrek dakartzan abantaila eta arazoekin. Ostalaritzaren esku daude herri barreneko eraikuntza zibil zahar guztiak, eta turisten eros-ahalmena da erabiltzen den neurria. Horrek desplazatu egiten ditu bertako lagunak.