Gorobelgo mendilerroan, POnata hain zuzen, Iturrigorri menditik gertu dagoen pagadian aurkitzen da Goizalde aterpea. Mendiko Lagunak talde amurrioarrak 50 urte darama eraikina kudeatzen.
1967an hasi ziren Amurrioko mendizaleak aterpea eraikitzen eta 1968ko urriaren lehenengo asteburuan inauguratu zuten. 18 lagunentzako espazioa du, komun, sukalde eta dutxa batekin dago ekipaturik. Gainera, bi lagunentzako toki librea ere badauka, Gorobelen zehar dabilen edozein mendizalerentzako eskuragarri.
Mendiko Lagunek bi egunetako egitaraua antolatu dute Goizaleren mende erdiko ibilbidea ospatzeko. Urriaren 6an eta 7an egingo dituzte ospakizunak. Urriaren 6an, larunbata, 19:00etan abiatuko dira Amurriotik aterpera.Afaltzeko eta kontzertu batez gozatzeko aukera egongo da bertan. Igandean, Lendoñotik martxa bat abituko da, gaua aterpean pasa duten mendizaleekin batzeko. Eguerdian, 50. urteurreneko pregoia irakurtzearekin batera, talde argazkia atera eta herri bazkaria egingo dute, 3 euroren truke. Igela txapelketak itxiko du egitaraua.
Mendizaleen babesleku
Aiaraldeko mendietan badira mendizaleentzako aterpe gehiago. Laudioko Goikogane Mendi Taldeak, adibidez, Gorbeiako Parke Naturalean dagoen Austegiarmin mendi magaleko aterpe itxia kudeatzen du. Eraikin hori 1973ko uztailaren 1ean inauguratu zen. Bi solairuko egitura da eta 32 lagunentzako espazioa eskaintzen du bi gelatan banatuta.
Gorobelera itzuliz, Tologorritik gertu, Ponata inguruko pagadian, Larruazabaleko Administrazio Batzarrak aterpe bat kudeatzen zuen, egun artzain borda bezala erabiltzen dena. Eskutxi mendiaren magalean, San Bitores baselizatik gertu, Kobatako aterpea dago. 1966an eraiki zen eta “El Nido” izenarekin bataiatu zuten. “Salbada Aterpea” izendatu zuten 1988an eta azkenik “Kobata Aterpea” deitu zuten, hamar urte geroago, kudeaketa Aiarako Udalaren esku geratu zenean.
Kobatako babeslekuak sukaldea, dutxa eta bi logela ditu mendizaleentzako erabilgarri. Horrez gain, badu baita ere edozein larrialdi unetan erabili daitekeen aterpe libre bat, bi lagunentzako espazioarekin.
Aterpe libre gehiago ere badira Gorobel inguruan, urteko egun guztietan zabalik mantentzen direnak beharra duen edonorrentzat. Horietako bat da Txolopeko aterpe irekia, “Corralejo” deituriko artzain borda zahar bat zegoen tokian dagoena. Gorobeleko labarrean eskegita dago aterpe hori, Txarlazo mendiaren parean. Urduñako Txarlazo Mendi Taldeak eraiki zuen 1971. urtean, orduko udaletxe frankistaren traba burokratiko ete errepresiboak gaindituz. Azken hilabeteetako harri-erorketek, baina, aterpeko sarbidea itxi egin dute eta debekatuta dago bertaratzea.