Etxebizitza-politika izan zuten hizpide iragan ostegunean Amurrioko Udal Osoko Bilkuran. Orain Amurriok aurkeztutako mozio bat eztabaidatu zen lehenbizi, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren ingurukoa. “Uste dugu etxebizitza parkea presionatu behar dela etxebizitzak alokairu merkatura atera daitezen”, azaldu zuen Kepa Gonzalez zinegotziak, ordainketa zatikatzearen aukera jartzearen garrantziarekin batera. Hori dela eta, zerga horren gaineko dokumentazioa eta planteamendu zirriborroa gainontzeko taldeei heleraztea eskatu zuen Orain Amurrion.
EH Bildu, PP eta Guk Bai taldeak proposamenaren alde lerrokatu ziren. EAJ, aldiz, abstenitu egin zen bozketan.
PPren mozioa
Alderdi Popularrak aurkeztutako mozioa eztabaidatu zen jarraian. 2013. urtean onartu zen Etxebizitzaren Legea izan zuen hizpide Montse Canivekk. Eusko Jarularitzaren planen betetze maila zalantzan jarri zuen zinegotziak. “Eusko Jaurlaritzak ez ditu bere etxeko lanak egin, eta orain etxebizitzak dituen jendeari ordainarazi nahi zaio”. San Jose auzoan dauden etxebizitzak ere aipatu zituen. “Eusko Jaurlaritzaren esku daude eta hutsik daramate aspaldidanik”.
Orain Amurriok ekarpen bat egin zion mozioari. “Uste dugu gai nahiko konplexua dela eta badaudela eragiteko beste modu gehiago”, azaldu zuen Kepa Gonzalezek, “udalek neurriak hartu ditzakete etxebizitza parkea handitzeko, lurra espekulaziorako erabiltzea ekiditeko eta abar”.
PSE-EEko zinegotziak, bere aldetik, Amurrion dauden etxebizitza publikoen gaineko datuak plazaratu zituen: “70 etxe daude udalerriko parke publikoan. Horietatik 59 okupatuta daude eta hiru esleipen prozesuan daude. Gainontzeko zortziak San Jose auzoan daudenak dira: hiru udalari esleitu zitzaizkion eta beste bostak berriketa prozesu batean murgilduak daude”.
Informazio horrek eztabaida eragin zuten taldeen artean. Datu horiek zehatzak ez zirela iradoki zuen Canivek. “Dena dela, bost urte denbora nahikotxo da etxebizitzak erreformatzeko”.
PSE-EE eta EAJ izan ziren bozketan abstenitu ziren bakarra, gainontzeko taldeek alde bozkatu baitzuten. “Jada martxan dauden kontuak dira”, argudiatu zuten jeltzaleek, “San Joseko etxebizitzak hamarkadak daramatzate hutsik, eta orain hasiko dira berritze lanak”.