Indarkeria matxistaren aurkako memoria kolektiboa eraikitzen hasiko dira

Txabi Alvarado Bañares 2018ko urr. 15a, 08:00

Instalazio artistiko bat atonduko du Mugarik Gabe elkarteak herrian, urriaren 19tik 21era egongo dena ikusgai. Indarkeria matxista pairatu duten 28 emakumeren lekukotzak bilduko dituzte bertan.

Indarkeria matxistaren inguruan hausnartzeko aukera paregabea egongo da datorren asteko asteburuan Amurrion, Mugarik Gabe elkarteak antolatutako “Memoria eraikiz” erakusketarekin. “Zentzumenen esperientzia bat izango da”, azaldu du Joana Etxanok.

Hainbat formatu barnebilduko dituen instalazio artistikoa izango da, biolentzia matxista bizi izan duten hainbat emakumeren bizipenetan oinarritutakoa.

28 lekukotza
“Iaz eginiko ikerketa batean bildu genituen indarkeria matxista pairatu dute 28 emakumeren testigantzak, horiek baliatu ditugu”, aipatu du Etxanok, “emakume horien kontakizunen bidez indarkeriak beraien bizitzan izandako eragina ezagutu eta horri nola aurre egin dioten ikusiko dugu. Eta beraien ingurutik eta jendartetik zer espero duten jakingo dugu”.

Gauzak hala, indarkeria matxistaren gaineko “memoria kolektiboa” eraikitzea izango da erakusketaren xedea, Mugarik Gabeko kidearen hitzetan.  “Ez dugulako nahi ahots horiek historiako bazterrean utzita jarraitzea, gure memorian gorde nahi ditugu, memoria kolektibo bat berreraiki eta berriz gerta ez dadila oihu egiteko”.

Instalaziora bertaratzen diren herritarrei ere luzatuko diete memoria kolektibo horren eraikuntzan parte hartzeko gonbita. “Bisitaren ostean aukera egongo da norbere bizipen, sentsazio edo mezuak plazaratzeko”, azaldu du Etxanok, “ondoren, ekarpen horiek guztiak webgune batera igoko genituzke, egileek hala nahi izanez gero”.



Urriaren 19tik 21era
Karpa puzgarri baten barruan jarriko dute instalazioa, Juan Urrutia plazan. Urriaren 19tik 21era egongo da ikusgai.  Ostiralean eta larunbatean goiz zein arratsaldez egongo da erakusketa ikusteko aukera. Igandean, aldiz, goizean soilik egongo da zabalik.  

Amurrio izango da instalazioaren lehen geltokia, bertan ikusi ahalko da publikoki lehenbizikoz. Euskal Herriko beste hiri eta herri batzuk bisitatuko ditu gero.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide