"Piriniotako mendikate osoa zeharkatuta, Kantauri itsasotik Mediterraneoraino joan naiz, ertz batetik bestera"

Txabi Alvarado Bañares 2018ko urr. 16a, 14:22
Piriniootako mendirik garrantzitsuenetan aritu da Mikel Latorre Gulias. / M.L.G

MIKEL LATORRE GULIAS (Amurrio, 1993) Pirinioak punta batetik bestera zeharkatu ditu bizikletaz, kolpe bakarrean. Alianza Andinarekin elkarlanean garatu du egitasmoa, eta crowfundinga abiatu du erakunde horrek Perun egiten duen lana babesteko.

Pirinioak ertz batetik bestera zeharkatu berri dituzu. Zer moduzko esperientzia izan da?

Esperientzia polita izan da. Inoiz ez nuen horren proiektu handirik egin. Desnibel eta kilometro asko izan dira. Momentu onak egon dira, baina beste egun batzuk lesionatuta eman nituen.

Gorputzak nik janariarekin ematen niona baino gehiago kontsumitzen zuen. Geldiune bat egin behar izan nuen, indarrak berreskuratzeko.

Egun onak eta txarrak egon ziren. Eguraldiak ere garrantzi handia izan zuen, nahiko ezegonkorra izan baita. Hotza, euria... egon dira, bi muturrak bizi izan ditut.

Uste zenuena baino gogorragoa izan da, beraz?

Bai. Mendian faktore asko daude, ez da egun eguzkitsu batean aritzea eta autoarekin joan etorriak egitea bezalakoa. Egun osoa igarotzen nuen mendian, bertan egin dut lo, bertan egin dut bizitza. Eguraldi txarra egiten badu eutsi egin behar diozu, beraz.

23 eguneko bidaia izan da. Bakarrik egin dut. Egunen batean herriren batetik pasa naiz eta jendea bertaratu da ni agurtzera, baina gainontzeko egunak bakarrik eta mendian eman ditut.

Kantauri itsasotik Mediterraneoraino joan naiz, Piriniotako mendikate osoa, ertz batetik bestera, 11 mendi igota, gailurrik garrantzitsuenak.


“Lesionatuta igaro ditudan egunak izan dira gogorrenak, baina esperientzia polita izan da”


Helburua beteta, beraz.

Hori da. Lesionaturik igaro ditudan egunak izan dira gogorrenak, baina esperientzia polita izan da. Pirinio guztiak kolpe bakarrean zeharkatu ditut.

Alianza Andina elkartearekin elkarlanean egin duzu ekimena. Zertan datza garatu duzuen proiektua?

Piriniootan bizi naiz, eta duela denbora nahiko bururatu zitzaidan egitasmoa, zonaldea punta batetik bestera zeharkatzea. Nire lagun bat Perun egon zen lanean Alianza Andinarekin.

Proiektu agroekologikoekin egiten du lan elkarte horrek, eta nik ere alor horretan lan egin izan dut. Mendia eta nekazaritza ekologikoa uztartzeko aukera ikusi nuen, nire bizitzako bi alor garrantzitsu.

Crowfundinga abiatu genuen, eta biltzen dugun dirua elkartera bideratuko da. 4.000 metroko altitudean dauden herrietan egiten du lan Alianza Andinak.

Toki horietan negutegiak behar izaten dituzte landatzeko, eta horretan laguntzen du elkarteak. Horretara bideratuko dugu lortzen dugun dirua, elikadura hobea izan dezaten.

Piriniotako zeharkaldia amaitu arren, egitasmoa ez da bukatu.

Bai, crowfundinga hilabete gehiago egongo da irekita. Diru-bilketa hori da egitasmoaren zatirik garrantzitsuena, modu horretan laguntzen baitugu beharra duen jendea.

Helburua da proiektua ez izatea soilik niri edo Alianza Andinari begirako zerbait, jendeari begira ere planteatu dugu, kontzientzia garatzeari begira. Baliteke pertsona bakoitzak euro bat baino ez jartzea proiekturako, baina guztia batuta, diru asko lortu daiteke. Bakoitza bere alea jarrita aldaketa garrantzitsua lortzea da helburua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide