Urduña eta Gorobel izango dituzte hizpide Onomastika Topaketen hirugarren edizioan

Txabi Alvarado Bañares 2018ko urr. 26a, 12:00

Refor eraikinean egingo du topaketa. / Eusko Ikaskuntza

Bihar egingo dituzte jardunaldiak, Refor eraikinean, 9:30etatik 14:50etara. Onomastikaren ikerkuntzan murgilduta dauden pertsonek elkar ezagutzea eta lanak erakustea izango da helburua.

Amurrioko Onomastika Topaketen III. edizioa egingo dute bihar, Refor eraikinean (Maskuribai kalea, 21). 9:30ean hasiko dira jardunaldiak eta 14:50etara arte luzatuko dira.

Hainbat hitzaldi eta aurkezpen egingo dituzte goizean. Urduña eta Gorobelgo onomastika eta toponimia izango dituzte hizpide, besteak beste. “Tokiko gaiak eta kanpokoa nahasten ahalegindu gara”, azaldu du Aztarna etnografia elkarteko Ramon Zurimendik. Elkarte hori arduratzen da topaketetarako beharrezko azpiegiturak lotzeaz, antolatzailea Onomastika Elkartea den arren.

Bi urtean behin egiten dute topaketa. “EAEn egiten den mota honetako ekimen bakarra da, eta erreferente bihurtzea lortu dugu”, azaldu du Zurimendik. Aztarnako kideak azaldu du topaketak manifestu batean duela jatorria. “Izenak zehazterako orduan tokian toki duten onarpena kontuan izatea eta artxiboetan ikertzea aldarrikatzen genuen idazki horretan”.  

Gaur egun, aldiz, beste funtzio bat betetzen du ekimenak: Onomastikaren munduan aritzen diren pertsonen topalekua eta sortzen diren lanen “erakusleihoa" izatea. “Artxiboetan aritzen diren ikerlarien lana oso bakartia izaten da askotan, eta horrelako zitek elkar ezagutzeko aukera eman dezakete”.

15 euro balioko du jardunaldietan parte hartzeak. “Etnografia Museoa irekita egongo da goizean zehar, nahi duenak bisita dezan”.

EGITARAU OSOA

09:30 // III. Onomastika Topaketaren inaugurazioa

09:45 // Urduñako toponimiako santuak eta jaiak. José Ignacio Salazar Arechalde, abokatu ekonomista, Santurtziko Udaleko idazkaria

10:30 // Etnografia eta toponimia. Ikuspegi periferiko bat Aizkorrondotik. Aitor Azpiazu Ugalde, etnografia eta hizkuntzalaritzako zalea

11:15 // Oja Garaiko egungo toponimia eta toponimia historikoa: Ezkarai, Ojacastro, Valgañón eta Zorraquin (Errioxa). Jorge Matey Valderrama, Basoko ingeniari teknikoa

12:00 // Atsedena

12:30 // Salvada mendikateko toponimia. Jesús María Garayo Urruela teknikaria

13:15 // San Vicente haranaren (Burgos) inguruko onomastika geografikoa eta etnografia. Rufino Gómez Villar, La Laboral BHI (Logroño)

13:50 // Erronkaribarko etxe-izenak: bilketa eta sailkapena
Josune Aznarez Alkat, Euskal Filologian lizentziaduna, eta Maitane Baqué Garjón, Filologia Hispanikoan lizentziaduna.

14:30 // Galderak

14:50 // Topaketaren amaiera

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide