Amurrioko 13 tabernak hartu dute parte perretxikoen pintxo lehiaketan. Partaideen artean 315 euroko bonoa zozketatuko da. Atxubi, Batzoki, La Bodeguilla, El Crucero, Frontoi, Guk, Kili Berria, Kuskumendi, Nagusi, El Rinconcito, Siglo XXI, La Terraza eta Txokogorri dira txapelketara batu diren establezimenduak.
Hiru asteburutan gauzatuko da ekimena: urriaren 20an hasi zen, eta azaroaren 4an bukatuko da. Perretxikoekin eginiko pintxoen lehiaketak XIII. edizioa izango du aurtengoa. Bi sari banatuko dituzte: herritarrena eta epaimahiarena. Adituek 200€ eta oroigarria emango diote pintxorik onenaren egileari, eta 150€ eta plaka jasoko ditu herritarren babes gehien pilatzen duen lanak.
"Herri-bozketan parte hartzeko, gutxienez, 9 pintxo dastatu beharko dira. Bozketan parte hartzen dutenen artean, Apymcara atxikitutako saltokietan erabiltzeko 325 euroko bi sari zozketatuko dira", adierazi dute antolatzaileek. Horrez gain, mikologia egunek dirauten bitartean -hots, hurrengo igandera arte- sasoiko perretxikoekin eginiko menu gastronomikoak eskainiko dituzte, Abiagan jatetxean (28€) eta Bidekon (43€), hain zuzen.