Eztizen Etxebarria Larrinbeko kirolariak Arabar Errioxara jo zuen atzo Winerun proban parte hartzeko eta emaitza apartak eskuratu zituen. Sailkapen orokorrean 19. izan zen eta emakumeen artean lehena. Hori dela eta, Senior kategorian garaile izan zen. Herri lasterketa izan zen atzokoa eta 10 kilometro bete izan behar zituen kirolariak.
Duela bi asteburu ere pozik itzuli zen etxera, Bilbo Night Marathonen 3. postua lortu baitzuen. Etxebarriak zehaztu du denboraldi honetan helburu nagusia izango dela Espainiako Maratoi Erdiko Txapelketan aritzea.
Martin Fiz
Larrinbeko 28 urteko gazteak azaldu du Laudio Atletismo Taldean parte hartu zuela adinez nagusi izan arte. Orduan, Martin Fiz munduko txapeldunarekin hasi zen entrenatzen. Lesioak izan ostean, lehiaketetan aritzeari uko egin zion, baina lasterketetan korrika egiten hasi da berriro, sasoia eta osasuna hobetu eta gero.
Aurten bere kabuz hasi du denboraldia, baina Martin Fizek proposatu dio bere taldean sartzea, oraindik berretsi ez duten arren.