Urtez urte arrakasta irabazten joan den ekimenaren hirugarren edizioa antolatuko dute abenduaren 24an Amurrio Trail Taldeak eta “Montes Solidarios” ekimenak. Aurten ere aniztasun funtzionala duten lagunak Babio mendiko gailurrera igotzen lagunduko dituzte, ehunka mendizaleren babesarekin.
Aulki egokituak eta pertsona itsuak gidatzeko barrak baliatuko dituzte horretarako, besteak beste. “Ametsak betetzen laguntzea” da ekimenaren helburu nagusia. Amurrioko Juan de Urrutia plazatik abiatuko da elkartasun martxa abenduaren 24an, goizeko 9:00etan.
“Iazko arrakasta errepikatzea” da antolatzaileen helburua, “urtea modu polit batean agurtzeko modua bilakatu da martxa”. Izan ere laurehundik gora lagunek hartu zuten parte iazko martxan, aniztasun funtzionala zuten hiru lagunekin batera Babio mendira igoz. Antolatzaileek adierazitakoaren arabera, “aurten ere Olentzerok bere ekarpena egingo dio martxari”.