Zigor Egia mendizale amorratuak erronka berria hartu du bere gain eta Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioko Segurtasun Batzordeko komunikazio lantaldean lagunduko du.
Amurriorrak ziurtatu du hasiera batean ez zuela oso argi ikusi ardura hartzea, baina Bizkaiko Federazioan azaldu ostean, erabaki zuen ikasteko aukera handia izango dela.
Segurtasunean aditua
Berez, Egiak ibilbide luzea egin du mendian, eskaladan eta eskian ere. Gaztea zenetik Euskal Herriko zein atzerriko tontorrak zapaldu ditu eta betidanik erreparatu dio segurtasunari: "maiz ikusten dut mendian egin behar ez diren gauzak egiten ditugula. Gainera, nire inguruan istripuak gertatu dira".
Premia horrek bultzatu zuen hainbat segurtasun kongresutan parte hartzera eta jakintza horiei esker Bizkaiko Mendi Federazioko segurtasun arduraduna izatea proposatu zion presidenteak. Pirinioetan izan duen jardueraren ondorioz, Mendi Segurtasun eta Prebentziorako Espainiar Elkartea sortu zuen, hango hainbat kiderekin batera.
ETB1ean agertuko da laster
Atzo bertan amurrioarrak ETB1eko saio berri baten grabaketan hartu zuen parte. Izan ere, telebista publikoak programa egingo du mendi segurtasunari buruz eta bera hautatu du, besteak beste. Irati Anda eskalatzailea ere agertuko da ekoizpenean.