Azken 34 urteetan egin bezala, Amurrioko Mugendo Eskolak emakumeentzako defentsa pertsonal ikastaroa antolatuko du Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunaren testuinguruan. Bihar eskainiko dute tailerra, Amurrioko Mugendo gimnasioan 20:00etatik 21:00etara.
Izen emateak 10 euro balioko du eta gizarte-bazterketa jasaten duten emakumeak laguntzen dituen Askabide erakundera bideratuko dute dirua. Horrez gain, ikastaroko parte hartzaile guztiei gerriko more bana oparituko diete oroigarri gisa.
Ikastaroan hainbat alor jorratuko dituzte: norberaren autoestimua indartzea, ahozko erasoen edota eraso fisikoen kontrako defentsak ikastea, beldurraren kontrako neurriak hartzea eta erasotzaileen indarra hauen kontra erabiltzeko teknikak barneratzea, besteak beste.
Jesus Maria Platon, Mugendo Eskolako zuzendaria, oso pozik azaldu da ikastaroaren harrerarekin: “Euskal Herriko hainbat eskoletan egingo ditugu saioak astean zehar eta jende asko parte hartzen ari da, askotan bi saio egin behar izan ditugu”.