Amurrion lanean ari dira Hodei babesteko. Izan ere, umeak ataxia telangiektasia gaitza du. Gaixotasun arraroa da hori eta sistema inmunea endekatzen du.
Haurra zein bere familia laguntzeko bi egitasmo abiatu dituzte Amurrion. Alde batetik, bihar 18:00etatik aurrera "Gau Magikoa" ospatuko dute San Jose auzoko Zabaleko Ikastetxean. Sarrerak 3 euro balioko du helduentzat eta euro bat 10 urtetik beherakoentzat. Zaldi batekin ikuskizuna egongo da eta baita tirolina, puzgarriak, poniak edota zuzeneko musika ere. Boluntario ugarik parte hartuko dute.
Hori ez ezik, tapoi bilketa ere hasi da eta Amurrioko Udalak ekarpena egin du 4 bilketa puntu gehiagorekin: La Casona, Kultura Etxea, Bañueta Kiroldegia eta Nagusien Etxea.