Larunbatean jokatu ziren Zallan Euskal Herriko Federazioaren K-1 Txapelketa amateurrak. Egun osoko jarduera izan zen; goizean kanporaketak egon ziren eta eskualdeko zenbait borrokalarik hartu zuten parte, Jagoba Pazosek eta Dani Tojok, adibidez. Gauean, ordea, finalen txanda heldu zen.
67 kilo azpiko finalean Ibai Ruiz amurrioarra eta Aitor Mendiola lehiatu ziren. Arau profesionalekin egin zuten. Hau da, 2 minutuko 5 asalto gauzatu zituzten. Aurretik adostutako borroka izan zen eta Ruiz izan zen irabazle. Chock Dee taldeko sortzaileak oso pozik bukatu zuen: "borroka ona egin nuen".

Gainera, aipatzekoa da 2017an Mendiolak eta Ruizek neurtu zituztela euren gaitasunak Zornotzan eta amurrioarra oso haserre agertu zela epaileek garaipena etxeko kideari eman ziotenean.