“Black metal estiloan badaude balore batzuk gurekin bat ez datozenak”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko abe. 4a, 08:00
Ia hogei urte daramatzate Nakkiga taldeko kideek jotzen. / Aiaraldea.eus

NAKKIGA talde amurrioarrak laugarren diskoa plazaratu berri du. Lan berri horren eta orain arte egin duten ia hogei urteko ibilbidearen inguruan mintzatu dira taldekideak.

Zuen laugarren diskoa plazaratu berri duzue. Zer nabarmenduko zenukete lan honetatik? Zertan ezberdintzen da aurreko hiruetatik?

Printzipioz beste pausu txiki bat da, baina ez dugu ezberdintasun handiegirik ikusten. Betidanik egon diren elementuak daude, baina kalitatezko beste pausu txiki batekin. Oraingoan diseinurako Naroa Etxebarriaren lan bikainarekin kontatu dugu, eta hau bai izan dela pausu handi bat kalitatearen aldetik. Bestalde, diskoa Amurrioko Sustraiak Recordsen grabatu genuen Egoitz Palaciosekin, eta soinuan nabaritzen da. Agian bai nabarmenduko genuke lan honetarako bagenekiela justu zer formula erabili behar genuen, esan genezake gure lan egiteko era aurkitu dugula lokalean. Baina soinuak frogatzen jarraituko dugu.

 

“Oraingoan diseinurako Naroa Etxebarriaren lan bikainarekin kontatu dugu, eta hau bai izan dela pausu handi bat kalitatearen aldetik”


 
Disko berezia dela esan daiteke, ez? Hainbat sorpresa ditu...

Arlo horretan bai, esan genezake diskoa era berezian egina izan dela. Lehendabizikoz hiru diskoetxe artean Cd edizio normalean eta berezian atera dute. Vertebra, Damnatio ad bestias eta Darkwoods-ekoek 500 kopia atera zituzten edizio normalean, baina edizio berezia ere plazaratu dute gero, 66 kopietara mugaturik dagoena. Edizio berezi honetan DVD bat dator zuzeneko batzuekin, bideoklipak. Horrez gain, Vertebrae eta Sptako Productions-en artean 273 kopia atera ditugu 12” binilo formatuan eta bagaude Malasiako diskoetxe batekin berbetan kasete formatuan ateratzeko ere.


“Malasiako diskoetxe batekin berbetan gaude gure diskoa kasete formatuan ateratzeko”


 
Lana plazaratuta, aurkezteko txanda iritsi zaizue. Non emango dituzue kontzertuak? Zer asmo dituzue epe labur-ertainera?

Euskal Herrian kontzertu bakarra dugu lotuta: azaroaren 23an Iruñeko Krawill tabernan, Legalize murder taldeko lagunekin antolatu dugun gau berezian, Iruñeko familiakoak oso eroturik daude! (Barreak). Gero 24an Bartzelonara goaz bertan lana aurkeztera ere. Abenduan Ortigueirako Asatru aretoan edukiko dugu urteko azkeneko aurkezpena. Hurrengo urtera begira bagaude europar birarekin bueltaka. Kostatzen ari zaigu guzti hori gure kabuz antolatzea, baina lortuko dugu!

Black metala jorratzen duzue. Ez da Euskal Herriko musika estilo zabalduena. Nola ikusten duzue genero horren eszena? Osasuntsu dago?

Beno, gure kasuan ez dugu esaten black metala jotzen dugula. Badaukagu estiloarekiko harremana, eta gure musika estilo horretatik dator eta bere estruktura hartzen du. Baina black metal estiloan badaude balore batzuk gurekin bat ez datozenak.

Muturrezko metalarekiko eszena Euskal Herrian ondo dago, osasuntsu? Ba bai, talde nahiko dago euskaraz (edo beste hizkuntzetan) abesten eta istorio askorekin. Hor daude Numen, Elffor, Hilotz, Iluntze, Aiumeen basoa… bezalako taldeak. Hizkuntzarena ezaugarri nabarmena gure eszenan, eta Euskal Herriko mitologiarekiko eta antzinako kulturarekiko harremana, batez ere.


“Hurrengo urtera begira bagaude europar birarekin bueltaka. Kostatzen ari zaigu guzti hori gure kabuz antolatzea, baina lortuko dugu!”



Genero berdinean mantendu zareten arren, egon al da bilakaerarik taldearen soinuan?

Ez, hasieratik gure ideia talde honekin gustuko genituen metal armoniak nahastea zen, eta horretan mantendu gara. Hori bai, zer edo zer aldatu da. 1999. urtean hasi ginen taldearekin eta ia ez genekien gure instrumentuak jotzen. Ikasi dugun apurrarekin garatu da taldearen soinua.
 
Eta letrak? Zeri buruz hitz egiten duzue abestietan?

Hiru korronte nagusi jorratzen ditugu. Alde batetik, liburuetan oinarritzen diren gaiak lantzen ditugu. Normalki Memory, sorrow and thorn liburuetatik (hemendik atera zen taldearen izena adibidez) edo Lovecraften ipuinetatik istorioak moldatzen ditugu kontatu nahi duguna abesteko.

Bigarren korrontea euskal mitologia izango litzateke. Gure kantetan Gaueko, Mariren semeak, Ilargi, Erio… atera dira. Gure azken kantetako bat Arrasateri buruzkoa da, “Dragoiaren mendia” izendatua. Badugu beste bat  “Aranekoarriko arrangura” izenekoa, erdi aroan Gorbeialdean otsoek hildako neska baten benetako istorioa kontatzen duena. Azkenik, beti dago gure barneko filosofia, ideiak, sentimenduak… kontatzeko aukera.


“Baditugu abesti dezente disko berri baterako”


 
Epe luzera baduzue beste proiekturik esku artean?

Hori beti, eta luzeegia izango litzateke azaltzea, mila gauzetan gaudelako sartuta. Baina beno, elkarrizketaren harira joatearren, Nakkigarekin badaugu aipatutako bira egiteko asmoa eta kontzertu bereziak antolatzeko ideia daukagu,  Belebeltzeta zigiluak 10 urte beteko baititu laster. Baditugu abesti dezente disko berri baterako… beti gaude lanean!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide