Eraldaketa sortzaileon afera izena du ikuskizunak, eta Irantzu Lekue artistak gidatuko du. Sarrera doakoa izango da, eta Arabako emakume hainbat sortzailek hartuko dute parte. Besteak beste, Izar Mendiguren bertsolaria, Ane Gebara ipuin kontalaria, Yanela Murua dantzaria, Orbanak musika taldea, Blanca Gomez de Segura keramika egilea eta Izaskun Urkijo artistak egongo dira.
Iaz abiatu zuten proiektua, Arabako zein Euskal Herriko zenbait emakume sortzailerekin solasaldi bereziak antolatuta. Hala aztertu zuen Irantzu Lekue artistak emakume izateak euren sormen lanetan izandako eragina. Emaitza gisa, erakusketa atondu du gasteiztarrak. Ekimenaren barruan bi ikuskizun berezi plazaratu dituzte. Lehenbizikoa abenduaren 1ean izan zen Agurainen, eta bigarrena datorren ostegunean izango da Amurrion.