Amurrioko Oinkariak taldeko kideak Amurrioko I. Krosa antolatzera animatu dira datorren abenduaren 23rako, otsailean eginiko Euskadiko Kros Txapelketak izan zuen harrera ona ikusirik. Orain arteko Amurrioko Herri Lasterketa ordezkatzera dator proba hori. “Lasterketa herrikoi ugari daude inguruan, kros gutxi ordea. Otsaileko esperientzia onak bultzatuta Amurrioko I. Krosa antolatzera animatu gara”, adierazi du Pablo Masek.
Oinkariak taldeko kideak azaldu du federatuentzako krosa izango da, baina froga herrikoia ere prestatuko dute antolatzaileek. Hau 5 kilometrotako lasterketa izango da eta “krosa ezagutu nahi duen orok du bertan parte hartzeko aukera”. Froga herrikoiaren izen ematea sailkapenak.com atariaren bidez egin ahalko da eta 3 euroko kostua izango du.
Gazteenentzako krosa
Amurrioko I. Krosa Arabako Eskola Kiroleko Kros txapelketaren barruan sartuko da ere. Oinkariak taldeko kideek kirola ezagutarazteko aprobetxatu nahi dute abenduaren 23ko zita. Gauzak hala, bertan parte hartzeko aukera izango dute federatu gabeko eskualdeko haur, benjamin eta kimuek. Inskripzioa doakoa izango da eta sailkapenak.com atarian egin beharko da.
Antolakuntzatik Airaldeko herritar orori luzatu diote abenduaren 23an Refor kirolgunera bertaratzeko gonbitea. “Izan krosean aritzeko edota lasterketak ikusteko, giro paregabea egongo da Amurrion”, ziurtatu dute.