Haurrentzako eskaintza hirukoitza atondu du Haziarabak

Erredakzioa 2018ko abe. 12a, 13:00
"Ehuna" ikuskizuna eskainiko dute, besteak beste. / Teatro Paraiso

Ehuna ikuskizuna, Naturalario zinema emanaldia eta Basoko haziak joko-gunea eskainiko dituzte Amurrio Antzokian. 

Eskaintza oparoa eskainiko du Haziaraba jaialdiak Amurrion 1-6 urte bitarteko haurrentzat, udalarekin elkarlanean. Hiru ekintza egingo dituzte guztira, hirurak Amurrio Antzokian. 1-6 urte bitarteko haurrei eta euren familiei zuzenduak egongo dira jarduerak.

Datorren igandean -abenduak 16- izango da lehen zita eta 1-4 urte bitarteko umeei bideratua egongo da. Dantzaz konpainiak Ehuna ikuskizuna taularatuko du. Bi dantzari igoko dira eszenatokira, “emozioz jositako jantziak” osatzeko.

Bigarren jarduera hilaren 27an egingo dute: Naturalario zinema-emanaldia.  3-6 urte bitarteko ikusleentzako saioa izango da. Filma laburrak, 3D formatuko marrazki bizidunak eta stop motion animazioak uztartuko ditu proiekzioak, Gaztefilm eta Kalakalaben eskutik.

Abenduaren 29an izango da azken zita. Basoko haziak joko-gunea atonduko dute antzokian. Hainbat materialekin sormena lantzeko aukera izango dute bertan 1-4 urte bitarteko haurrek. Teatro Paraisok dinamizatuko du saioa, Gutxinaka-Gutxinaka taldearekin elkarlanean. Leku mugatuak egongo dira. Horregatik, tailerrean ume eta heldu bana baino ezingo dute parte hartu familia bakoitzeko.

Sarrerak Kultur etxean salgai
Hiru emanaldiak arratsaldeko bostetan hasiko dira (abenduaren 29an bigarren pase bat egongo da 18:30ean) eta sarrerek 4 euro balioko dute (3 euro antzokiko bazkideak direnentzat). Kultur etxean eskuratu daitezke tiketak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide