Zabalik dago Amurrioko aurrekontu partehartzaileen proposamenak bozkatzeko epea

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko abe. 12a, 18:14
Hautestontziak Udaletxean, Kultur Etxean eta balueta kiroldegian jarriko dituzte. / Amurrioko Udala

Gaur ireki eta urtarrilaren 4ra arte luzatuko da 2019 eta 2020ko udal aurrekontuetan txertatuko diren proposamenen bozketa fasea, AmurriokoEKIN kanpainaren barruan. Apirilean abiatu zen prozesua.

Gaurdanik zabalik dago Amurrioko Udalaren 2019 eta 2020 urteetako aurrekontuetan txertatuko diren proposamenak bozkatzeko epea. Udalak irailean abiatu zuen AmurriokoEKIN deitutako kanpaina, aurrekontu parte-hartzaileak osatzeko helburuarekin. 30 proposamen heldu dira bozketa fasera, hamabost 5.000 euro baino gutxiagoko aurrekontua dutenak eta beste hamabost 5.000 euroko aurrekontua gainditzen dutenak.

300 proposamen baino gehiago
Kanpainaren lehenengo fasean herritarrek egindako 315 proposamen bildu zituen Amurrioko Udalak. Errepikatzen ziren proposamenak bateratu eta 218 proposamen pasa ziren bigarren fasera.

5.000 eurotik beherako 15 proposamenak urriko bideragarritasun fasea igarota heldu dira bozketara. Aldiz, 5.000 euro baino aurrekontu handiagoa duten 15 proposamenak azaroan egin zen lehentasunak markatzeko saio irekia pasata iritsi dira bozketa fasera.

Bozkatzeko unea
Urtarrilaren 4ean bukatuko da aurrekontuetan txertatzeko proposamen finalisten bozketa. 16 urtetik gorako amurrioar orok izango du bozkatzeko eskubidea. Botoa baliagarria izateko herritar bakoitzak 5.000 eurotik gorako hiru proposamen eta 5.000 eurotik beherako beste hiru proposamen bozkatu beharko ditu derrigorrez. Behin bakarrik bozkatu ahalko da eta datu pertsonalak eman beharko dira horretarako.

Bozkatzeko fitxak Amurrioko etxe guztietara bidaliko ditu Udalak. Hautestontziak eta boto paperak Kultur Etxean, Udaletxean eta Bañueta kiroldegian jarriko dituzte. Internet bidez bozketa egiteko aukera  ere egongo da amurriokoEKIN.eus atarian. Gainera, abenduaren 14ean eta 21ean bozkatzeko postuak jarriko dituzte San Anton plazan.

Proposamen anitzak
Orotariko proposamenak jaso ditu udalak. Asanblada irekia deitu dute finalera heldu diren 30 proposamenak azaltzeko. Abenduaren 17an izango da zita, 18:30ean udaletxean.

5.000 eurotik gorako proposamenen artean Amurrioko bide-gorri sarea hobetzea (200.000 euro), Etxegoien konponbide integral bat eta aparkaleku bat eraikitzea (300.000 euro), emakumeen lokalaren egikaritzea (170.000 euro) edota Amurrioko kaleetan 24 orduko zaintza kamerak jartzea (30.000 euro) daude.

Bestalde, 5.000 euro baino aurrekontu txikiagoa duten proposamen finalistetako batzuk dira San Joseko aparkalekuetako ilarak berriz margotzea, Nagusien etxean proiektore eta musika ekipoa jartzea, liburutegirako hiru ordenagailu berri erostea edota Ugartebetxin informazio panel bat jartzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide