Bihar jakinaraziko dute zeintzuk diren 2018ko Bikaintasuneko Europako Labela - ELoGE- jasoko duten EAEko udalak. Amurrio, Bermeo, Legazpi eta Zamudioko tokiko erakundeak daude izendatuta.
Europako Kontseiluko Ezagutza Zentroak (Centre of Expertisse) sortutako ziurtagiria da hori, eta tokiko gobernuen kalitate gorena egiaztatzea du helburu. Europako aitortza gorena da Gobernantza Onean eta Berrikuntza Demokratikoan kalifikazio altua eskuratzen duten udalentzat.
Iragan martxoaren 20an egin zen zigiluaren lehen ekitaldia. Edizio horretan bederatzi udal izan ziren hautagai: Basauri, Ermua, Galdakao, Leioa, Mungia, Beasain, Elgoibar, Irun eta Urnieta. Horietako bostek lortu zuten ziurtagiria: Basaurik, Ermuak, Leioak, Irunek eta Urnietak. Amurrio izan da labela eskuratzeko izendatua izan den Arabako lehen udala.
200 udalerri Europan
2010ean probatu ziren lehen aldiz Europako Kontseiluaren Zigilua emateko irizpideak, hainbat herrialdetan: Bulgarian, Norvegian, Ukrainan, Belgikan, eta Espainiako eta Frantziako estatuetan. Egun Europako 200 udalerrik dute labela.
EUDELEk egokitu ditu zigilua EAEn emateko irizpideak. 97 adierazle baliatzen dituzte hautagaiak ebazteko: etika, gardentasuna, parte-hartzea, kontu-ematea, kudeaketa finantzario osasuntsua, efizientzia eta iraunkortasuna, giza eskubideak, aniztasuna eta gizarte-kohesioa, besteak beste.
Horrez gain, inkestak egiten dizkiete udalerri bakoitzeko herritarrei eta gobernuko zein oposizioko zinegotziei, adierazleen bidez ateratako emaitzak egiaztatzeko.
Europako Kontseiluko ordezkaria den Alina Tatarenkok nabarmendu du Europako Bikaintasun Labela ez dela azken helburua, “abiapuntua baizik, pizgarri bat da udal kudeaketa efikaz eta efizientean pixkanaka aurrera egiteko”.