Bizkaiko Urtxintxa Eskolak proiektu berria du eskutan: haurren jolas kantuak moldatzea. Izan ere, horietako askok balio zapaltzaileak dituzte. Horren adibide da Aita, ama, zenbat urtekin ezkonduko naiz? kantua, besteak beste. Hain zuzen, hori izan zen grabatu zuten kantua igandean Tertangako eskolan, Patxintxi urtxintxarekin batera. Grabaketan haur zein helduek hartu zuten parte. Hala, familia eredu ezberdinak plazaratu dituzte, norberaren ezagutzei bide emanez. "Aizu, aizu, zenbat kolore dakizkizu?", "Ama, ama, animali hau da maite dudana", "aizu, aitona, zein da zuretzat janari ona?" tankerako galderak luzatu dizkiete abestian partaideei.
Ikus-entzunezko lana abenduan bukatzea da asmoa, Bizkaiko Urtxintxa Eskolakoek adierazi dutenez. "Youtuben jarriko ditugu lan guztiak, denon eskura egon daitezen", erantsi du Urko Agote kideak. Sortzaile ugarirekin aritu dira elkarlanean horretarako: Itziarren Semeak taldea, La Basu... Guztira, 5 abesti egokitu dituzte: "Urtxintxaren jokoa Patxintxirena bihurtu dugu, Zubiri-Zubiri, Sorgina kaskarina...".
Argazkiak: Amagoia Osinalde eta Izar Mendiguren Cosgaya