Udazkenean aurkeztu zuten Aiara Women in Bike taldea, emakumeen txirrindularitza sustatzeko, taldean ateratzeko. Urtea agurtzeko ibilaldiaren berri eman dute oraintsu: abenduaren 22an -larunbat honetan- izango da txangoa.
Amurrion jarri dute hitzordua, 9:30ean Juan Urrutia plazan. "Ez dadila inor izututa etorri, erritmoa ondo definituta egongo da, ez da lehiaketa izango, ondo pasatzeko tartea baizik", erantsi dute.
50 kilometroko ibilbidea proposatu dute, 600 metroko desnibelarekin. "Beraz, beharrezkoa da pixka bat prestatuta joatea, baina seguru gaude denon artean lortuko dugula".
Hain zuzen, Amurriotik Soduperako bidea egingo dute, Gordexola eta Okondo igarota. "Txirrindulariek askotan zeharkatzen dituzten bideak dira, animatu primeran pasatzera!".
Eguerdian luntxa izango dute partaideek, "bazkideak ez direnek 3€ ordaindu beharko dituzte". Informazio gehiago eskuratzeko sare sozialetako kontuak kontsulta litezke.