Tiro bat bota zuten atzo goizean ezker abertzaleko familia baten baserriarren aurka, Lezaman. 9 milimetroko bala bat sartu zen etxeko sukaldera, leihotik. Ertzaintza etxebizitzara bertaratu da eta ikerketa abiatu du.
Lekukoek salatu dutenez, ezin da ehiztari baten bala galdu bat izan eta ez da ezta familia arazo edo liskar baten ondorioz izan. Era berean, nabarmendu dute gertaera jazo den unean etxean jendea zegoela eta, ondorioz, arrisku handia pairatu dutela.
Identifikatu bat
Ertzaintzak Aiaraldea hedabideari jakinarazi dio ikerketa ireki dutela eta momentuz ez dela atxiloturik egon. Hala ere, gizon bat identifikatu dute, gertaeran inplikatua egon daitekeelakoan. Naiz hedabideak, bere aldetik, identifikatua polizia nazional ohi bat dela adierazi du.
Mobilizazioa bihar
Sortuk, bere aldetik, gertakaria salatu du: "Espainiar Estatuan triunbiratu aznartarra sustatzen ari den inboluzio gaiztoak halakoei bide ematen die". Alderdiak "oso larritzat" jo du gertatutakoa, eta testuinguru batean kokatu behar dela nabarmendu du, Julen Ibarrolaren eta Alfredo Remirezen kasuak aipatuta. Manifestazioa deitu dute biharko. 19:00etan izango da mobilizazioa, Amurrion.