[IRITZIA] Femrights: Giza Eskubideak aldarrikatu beharrean

K. Elejalde Villalain 2019ko urt. 7a, 08:26

Irantzu Lekuek egin du erakusketa / K.E.V

Kontxesi Elejalde Villalainek emakumeen eskubideei buruzko erakusketaren kritika plazaratu du. Irantzu Lekue artistaren lana, urtarrilaren 13 arte egongo da ikusgai Gasteizko Montermoso kulturgunean.

Emakume baten irudia agertuz eta desagertuz doa esku zuriz betetako bide batean. Beharbada hori da erakusketaren funtsa, historiaren ibilbidean, eskubideen norabidean emakumeenak une batzuetan azalerazi, beste batzuetan ordea, ikustezin bihurtu dira.

Irantzu Lekuek, artista gasteiztarrak eta UNESCO Etxeak Giza Eskubideen Aldarrikapena egin zenetik 70 urte betetzen  diren honetan, emakumeek pairatutako giza eskubideen urraketen gaineko hausnarketa proposatzen digute, sorkuntza artistikoaz baliatuta.

“Heroi anonimoak” arte instalazioan, lehen begiratuan zintzilik dauden hainbat liburu ikusten badira ere, prismatikoak erabiliz gero, hainbat emakume izen irakur daitezke, baina ez da erreza. Istorioan zehar ahaztuta izan direnak orrialde zurietan idatzi dira. Hartara, hondartzan kaioei begira maiz geratzen naizen bezala, horrela geratu naiz,  itzalak, argiak, liburuak, izenak…patxadaz begiratzen, beharbada, gure begiratzeko modu arina eta azalekoa aldatu behar genuke.

Bestalde, erakusketan eskubideak urratuta izan dituztenen ahotsak entzun daitezke. Panpin ezberdinak ikusi, jostailu sinpleak baino gehiago ote? Jeneroarekin dugun harremanaren ispilu potentea omen dira Irati Jiménez idazlearen hitzetan. Historian zehar egon diren emakumeen mugimenduak, sufragistak, emakumearen bozkatzeko eskubidearen alde lan egin zutenak, lehenengo filosofoa, ablazioaren irudiak, besteak beste, biltzen dira pankarta moduko hormairudi batean.

Baina JATORRIZKO BEKATUA artelana ezin dut aipatu gabe utzi. Kabi itxurako domo geodesiko baten barruan, sagarrondo-bonsai naturala, eta sagar gorri diztiratsuen alfonbra zoruan. Bonsaiari adarrak mozten zaizkio ez handitzeko, bere tamainan mantentzeko, azken finean, etxe barruan zuhaitz bat izateko. Erraz parekatu daitezke bonsaiari egiten zaizkion mutilazioak emakumeen gorputzen gainean dagoen kontrolarekin, ablazioa, jirafa-emakumeak, arropen tailak, etab.

Azkenez, emakumeen ikusezintasuna, erreferentzi falta, eskubideen urraketa, horien gainean dauden estereotipoak, hala nola mendekotasuna dira erakusketan lantzen diren gaiak, irudi ahaztezinak direla medio hausnarketa eta gogoeta pizten dutenak.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide