Urtarrilaren 21etik 25era egingo dute Hezkuntza Jardunaldi Irekien XIX. edizioa, Aresketa Ikastolaren eskutik. Irakurketa izango dute hizpide, besteak beste. Antolatzaileen arabera, “beharrezko baliabideak” ematea da jardunaldien helburua, umeak “euren bizitzak eraikitzen joan daitezen”.
Bost hitzaldi eskainiko dituzte guztira, bost egunetan. Zita guztiak arratsaldeko zazpietan izango dira Amurrioko Katekesi aretoan.
Urtarrilaren 21ean izango da lehena. Irakurketa erreflexiboa izango dute hizpide, Marta Macho-Stadler matematikariarekin. 22an, aldiz, garunaren ikasketa gaitasunaz hitz egingo dute, Natalia Ojeda neuropsikologoarekin.
Hilaren 23an Victor Moreno idazleak hartuko du hitza. Irakurtzeko motiboak nola eman erakutsiko die bertaratzen direnei. Pello Añorga irakasle eta ipuin kontalariak, aldiz, irakurzaletasuna pizteko gakoak eskainiko ditu 24an.
Pello Biain izango da hitza hartzen azkena, urtarrilaren 25ean. “Kritikoki eta autokritikoki” pentsatzera bultzatzeko tailer irekia eskainiko du irakasleak.