aiaraldea.eus

San Jose auzoko biztanleek zabaleko pilotalekuaren horma apainduko duen horma-irudia aukeratu dute

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala   Hezkuntza  Amurrio

Ehun herritar baino gehiagoren partaidetzaren ondoren,  “Basoa/bosque” proposamena izan da bozketaren irabazlea. Lanak aste honetan hasi dira, eta hilabete inguruan amaituko dira.

San Jose auzoko biztanleek zabaleko pilotalekuaren horma apainduko duen horma-irudia aukeratu dute
Marraztuko duten muralaren irudia. / Amurrioko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Amurrioko San Jose auzoak irudi berriztatua izango du otsailetik aurrera Zabaleko pilotalekuaren horman. “Basoa/bosque” proposamena beste hiruen gainetik geratu da auzoan egin den eta 108 herritarren partaidetza izan duen herri bozketan. Horma-irudia prestatzeko lanak hasi dira jadanik, eta hilabeteko epean amaitzea dago aurreikusita.

Horma-irudia margotzeko proposamena, Amurrioko Udalak egindako auzo batzarren ostean sortu zen. Batzar horien helburua auzoetan egin daitezkeen hobekuntzak hautematea da. Bertan, auzoko herritarrek pilotalekuko fatxada irudi batekin betetzeko interesa erakutsi zuten, pilotalekuaren estetika hobetzeko.

Zabaleko pilotalekuaren horma beteko duen irudia San Jose auzoko herritarren partaidetzaren bitartez aukeratu da. Abenduaren 20tik urtarrilaren 4ra luzatu zen eta auzoko bertako elkarteak kudeatu zuen bozketaren ondoren, 108 izan ziren 4 proposamenen artean bat aukeratzeko botoa eman zuten pertsonak. “Basoa/bosque” proposamen irabazleak 33 boto lortu ditu; “Letrak/letras” proposamenak bigarren lekua lortu du, 27 botorekin; eta ondoren, 24 botorekin berdinduta, “Zuri beltza/ blanco y negro” eta “Amurrio dantzan” geratu dira.

Lana aurrera eramango duen artista Aarón Diego Escauriaza izango da, sektorean hamahiru urte baino gehiagoko esperientzia duen Wallart-eko bere taldearekin batera. Aukeratutako diseinua prestatzeko eta margotzeko prozesua hasi da dagoeneko, eta hilabete inguruan, lanerako erabiliko diren aldamioak kendu ondoren, horma-irudia amaituta ikusi ahal izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa