Berdintasunaren alde lotuko dituzte Laudio eta Amurrio Kaskagorrik eta Altzarratek

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko urt. 28a, 17:00
Amurrioko udaletxean aurkeztu dute ekimena gaur goizean. / Aiaraldea.eus

Amurrioko udaletxean aurkeztu dute Berdintasunaren aldeko martxa gaur goizean. Martxoaren 10ean izango da zeharkaldia. Nerbioiko Parke Lineala izango du ardatz, eta Luiaondon topatuko dira partaide guztiak.

Altzarrate eta Kaskagorri futbol taldeek "berdintasuna aldarrikatzeko martxa" antolatu dute bigarren aldiz. Martxoaren 10ean izango da zita, 10:00etan. Hala, Amurrioko eta Laudioko herriko plazetatik abiatuko dira partaideak, Luiaondon topo egiteko. Bertan egingo dute, hain zuzen, hamaiketakoa. Izen emateak 5 euro balioko ditu eta elastiko teknikoa jasoko dute kirolariek opari gisa. Orotara, 12.4 kilometroko bidea osatu beharko dute aiaraldearrek.

Gaur goizean aurkeztu dute egitasmoa Amurrioko udaletxean. Amurrioko eta Laudioko alkateek hartu dute parte Kaskagorri eta Altzarrateko ordezkariekin batera. Futbol taldeetako ordezkarien esanetan, zenbait hobekuntza gauzatu dituzte: "Iaz 300 pertsona espero genituen, eta Amurrion 700 egon ziren, horietatik 100ek egunean bertan eman zuten izena. Irteera ordua atzeratzea eragin zuen horrek". Hala, otsailaren 22 arte egongo da izena emateko aukera, Amurrioko Kultura Etxean, Laudioko Berdintasun arloan zein Altzarrateren bulegoan. "Martxoaren 1etik 10era kamisetak banatuko ditugu, irteera arintzeko". Luiaondo izango da horniketa eta denbora kontrol gunea. Aurten, gainera, komunak jarriko dituzte bertan partaideentzat. Kirolariek autobus zerbitzua izango dute euren abiapuntura itzultzeko. 

Lehia gabeko proba
Antolatzaileen hitzetan, aurten ere ez da lehiaketarik izango. Josune Irabien Amurrioko alkateak ekintzaren balioa azpimarratu du: "Txalogarria da denbora marka gabe aritzea, gozatzea eta aldarrikatzea baita helburua. Berdintasun arloan hausnarketarako baliagarria izan litekeen martxa da". Gentza Alamillo gobernuburu aiararrak parte hartzeko adina nabarmendu du: "Berdintasuna adin goiztiarrean lantzeko aukera ematen du jarduerak, baita familien artean ere".

Luiaondo izango denez topalekua, Parke Linealaren sozializazio gaitasuna ekarri du gogora alkateak: "Egunero jende asko ibiltzen da Parke Linealetik, sozializaziorako oso inportantea da Luiaondoko zatia". Hori dela eta, aiararrak parte hartzera animatu ditu alkateak. Natxo Urkixo Laudioko alkateak, berriz, kirola ahalduntzeko eremu gisa indartu du, "gazteria kirolean ahalduntzeko proba da, lehiarik gabekoa. Kirolaren alor hori berreskuratu beharko genuke, oso gutxitan heltzen baitiogu".

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide