Udalera iritsi da apustu-etxeen gaineko eztabaida

Txabi Alvarado Bañares 2019ko ots. 4a, 07:00

Bi joko-areto daude eskualdean. / Aiaraldea.eus

Orain Amurriok aurkeztutako mozioa eztabaidatu zuten urteko lehen Udal Osoko Bilkuran. PPren bi mozio ere eztabaidatu ziren.

Geroz eta zeresan handiagoa sortzen du apustu-etxeen presentziak eskualdean. Duela astebete Ernai gazte antolakundeak ekintza bat burutu zuen Amurrion dagoen mota horretako establezimenduaren aurka:

Iragan ostegunean, aldiz, Orain Amurrio talde politikoa izan zen eztabaida Udal Osoko Bilkurara eraman zuena, mozio baten bidez. Apustu-etxeen presentzia nola mugatu aztertzea eskatzen zuen testuak. Arazoa “kolektiboa” dela nabarmendu zuen Kepa Gonzalez zinegotziak, “neurri prebentiboak” hartzearen garrantzia azpimarratzearekin batera. Herriko kirol taldeekin hitz egitea ere proposatu zuen Orain Amurrioko ordezkariak, “beharrizan ekonomikoak medio apustu etxeekin harremanetan jartzea ekiditeko”.

PSE eta PP abstenitu egin ziren bozketan, eta gainontzeko taldeek alde bozkatu zuten. Alderdi Popularreko zinegotziak -Montse Canivek- adierazi zuen ulertzen duela arazo larria dela, “baina udalak ezer gutxi egin dezake, kontzientziazio kanpainak baino ez”. PSE-EEk, bere aldetik, mozioak eskatzen zituen zenbait gauza udalaren eskumenetik at egon daitezkeela azaldu zuen. EAJk, bere aldetik, Amurrion zein eskualdean egin diren prebentzio kanpainen garrantzia jarri zuen mahai gainean.

PPren mozioak
Alderdi Popularrarenak izan ziren Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu ziren beste bi mozioak. Autobus-geltokietatik hurbil bizikletak aparkatzeko tokiak jartzea proposatu zuen lehenbizi, eta aho batez onartu zen ideia.

Bestetik, San Mameseko etxe komunitarioan larrialdi zerbitzuak abisatzeko gailu indibidualizatuak jartzea eskatu zuen Canivek, “gauzak hala, larrialdi zerbitzuetakoak iristen direnean laguntza nork eskatu duen jakin ahalko dute, gainontzeko erabiltzaileak gogaitarazi gabe”. Proposamen horrek talde politiko guztien babesa jaso zuen baita ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide