Megatech enpresako hauteskunde sindikalek UGTri eman diote gehiengoa. 90 botorekin 5 ordezkari izango dituzte, hain zuzen.
Cesar Hermoso UGTko kideak azaldu du azken lau urteetan egon den batasun sindikalaren lorpena izan dela emaitza, eta horrek, aldi berean, lan hitzarmenean izandako hobekuntzetan islatu duela.
Hermosok azpimarratu du sindikatuen arteko harremana ona dela langile batzordean eta espero dutela gehiengoa baliatu behar ez izatea, negoziaziora eta adostasunera irekirik baitaude.
Horrez gain, UGTko kideak nabarmendu du duela 4 urte baino 23 bozka gutxiago jaso dituztela enpresaren estrategiaren ondorioz. Izan ere, azkenaldian aldi baterako laneko enpresen bitartez kudeatzen ari dira kontratuak. Hori dela medio, plantillan 260 langile izatetik 202 izatera igaro dira.
Hermosoren ustetan, hori enpresaren mugimendua izan da hauteskunde sindikaletan eragiteko. Horregatik, espero du langileen kolektiboa aurreko kopurura hurbiltzea.
LAB pozik
Gehiengoa lortu ez badu ere, oso pozik azaldu da LAB sindikatua. Izan ere, emaitzak hobetu dituen erakunde bakarra izan da: 3 ordezkari eskuratu ditu 67 bozekin. Hau da, duela 4 urte baino 7 boto gehiago.
Bere ordezkariek eskertu dute, bereziki, sindikatuaren zerrendan parte hartu dutenen babesa. Azkenik, ez dute modu positiboan baloratu sindikatu bakarrak gehiengoa izatea, eta gogoratu diote UGTri ELAk eta LABk boto gehiago jaso dituztela. Berez, ELAk 24 langileren babesa jaso du eta ordezkari bat izango du.