“2.500 kilometro egingo ditugu basamortuan, abentura bat izango da”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko ots. 21a, 21:45

JOSU ALBIZUA ZUBIZARRETA eta JON FRAILE GOMEZ (Amurrio, 1997) Tangerrera joango dira larunbatean, Uniraid proban parte hartzeko. 2.500 kilometroko bidea osatu beharko dute basamortuan barrena.

Uniraid lasterketan parte hartuko duzue. Nolatan?

Jon: Josu eta niri beti gustatu izan zaizkigu autoak. Nire lagun baten ezagun batek iazko edizioan parte hartu zuen. Ingeniaritza mekanikoa ikasten du, eta lasterketa irabazi zuen. Beragatik jaso nuen ekimenaren berri. Josurengana jo nuen orduan, banekielako ideia gustatu egingo zitzaiola. Biok batu gara abentura honetara.

Larunbatean -otsailak 23- abiatuko zarete. Zer nolako bidea duzue aurretik?

Jon: Otsailaren 23an goizeko zortzietan egon behar gara Algeciraseko portuan, Tangerrera pasatzeko. 21ean aterako gara, iazko irabazleekin. 1.000 kilometroko bidea dugu aurretik.

Josu: Tangerrera iritsita zazpi etapa egin beharko ditugu, 2.500 kilometro, gutxi gora behera. Lehen etapan Tangerretik Mekneseraino joan beharko gara. Bertan hasiko da abentura.

Autoa prestatzen ari zarete orain.

Josu: Antolakuntzak baldintza batzuk jartzen ditu sailkapenean sartzeko. Baldintza horiek bete gabe ere aukera dago parte hartzeko, baina klasifikazioan sartu gabe. Autoak hainbat ezaugarri bete behar ditu: 20 urte baino gehiago izatea, 1.300 zentimetro kubiko baino gutxiago izatea eta bi gurpil eragile baino ez izatea. Hau da, ezin da 4x4 bat izan. Ikasleei zuzendutako raid bat da. Horregatik jartzen dituzte baldintza horiek, parte hartzea horren garestia izan ez dadin. Auto horiek merkeagoak dira, mekanika askoz sinpleagoa dute eta errazago konpontzen dira. Oso sinpleak dira, ez dute pieza gehiegi eta, ondorioz, ezin dira asko apurtu.

Jon: Modu horretan lortzen da   autoen arteko diferentzia horren handia ez izatea, diru-sarrera asko dituen talde batek ez dezan kotxe askoz hobeagoa eraman. Auto hauek ezin dira asko prestatu basamortura joateko.

Hala ere, aldaketa ugari egin dizkiozue zuen autoari. Zeintzuk?

Josu: Hasteko, altuera eta trakzioa eman behar izan dizkiogu, errepiderik ez dagoen tokietatik ibili ahal izateko. Takoidun gurpil handiagoak jarri dizkiogu eta suspentzioak ere aldatu dizkiogu. Cubrecartera ere jarri diogu. Motorraren azpian doan metalezko xafla bat da, aparatua babestea helburu duena. Ahalik eta hoberen egon behar da bertara joateko. Gauza sinpleak egin behar dizkiogu: olioa aldatu, errefrigerazio ura jarri, filtroak... Etapa bat gauez da eta hori egiteko foko batzuk jarriko dizkiogu autoari.

Hare asko egongo da eta trabatuta geratuko gara seguru asko. Antolakuntzatik esan digute helduleku berriak jartzeko, autoak dituenak ez direlako oso gogorrak. Igorle bat ere jarri dugu, beste ibilgailuekin komunikatzeko. Horrez gain, atzeko eserlekuak kendu ditugu, leku gehiago eta pisu gutxiago izateko.

Basamortuan barrena ibiliko zarete. Zein uste duzue izango dela erronka handiena?

Jon: Konstantzia eta talde-lana sustatzea izango da garrantzitsuena. Bost autoko taldeetan goaz eta elkarri lagundu beharko diogu haretik atera eta aurrera jarraitzeko. Horrez gain, bi eguneko etapa-maratoi bat egongo da. Bertan guk kudeatu beharko dugu denbora, guk erabaki beharko dugu noiz jan, noiz gosaldu, noiz lo egin... guztion arteko elkarlana funtsezkoa izango da proban.

Josu: Niretzat erronka handia da ez dugula tokia ezagutzen. Ez dakigu klima nolakoa den, adibidez. Horrez gain, roadbook batekin -Dakarrean erabiltzen duten tresna- topatu behar dugu bidea, orientazioa baliatuta.

Zer da erronkatik gehien erakartzen dizuena?

Jon: Abentura bat izango da, azken finean. Autoa motibazio gehitu bat da, baita bertan ezagutuko dugun jendea ere (denak izango dira unibertsitateko ikasleak). Txapelketan duen kutsu solidarioa ere puntu estra bat da.

Zergatik diozue ekimen solidario bat dela?

Jon: Aurtengo edizioa zortzigarrena izango da. Urte bakoitzean toki batean egin da material banaketa, eskoletan gehienbat. Aurten ordenagailu pila batekin goaz, teknologia berriak gerturatzeko. Arropa, eskola materiala, umeentzako jolasak eta antzeko gauzak eramango ditugu batez ere.

Guk Tangerreraino eramango dugu dena, eta bertan furgoneta batek hartuko du. Aukera izango dugu 10 kilo material gurekin eramateko, nahi dugun jendeari banatzeko.

Zuen kabuz prestatzen ari zarete dena?

Jon: Ikasleei bideratutako egitasmo bat da Uniraida, autonomia sustatzea helburu duena. Baina antolakuntzak laguntza asko ematen digu. Whatsapp talde batean gaude sartuta parte hartzaile guztiak, eta edozein zalantza argitzen dugu bertan.

Ez dago partaideen arteko lehiakortasunik?

Josu: Ez. Antolakuntzak hainbat neurri hartzen ditu lehiaketa kutsua kentzeko. Irabazlea ez da azken eguneraino jakiten, lehiakortasuna ez egoteko. Abentura solidario bat da.

Jon: Ez da abiadura rally bat. Guri abiadura gustatzen zaigu eta zati batzuetan azkar joango gara. Baina gakoa  orientazioan dago, horrek markatzen du sailkapena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide