Amurrio azken aldian errepresioaren jo-puntu bihurtu izan dela salatu du Ernaik. Hainbat gertaera aipatu ditu gazte antolakundeak oharrean: "Alfredo eta Julenen espetxeratzeak, Ezker Abertzaleko familia baten aurkako erasoa eta Galderren atxiloketa eta espetxeratzea, besteak beste".
Erasoen gainetik, antolatzen eta borrokatzen jarraituko dutela azpimarratu dute. Galderren atxiloketa EAJren eskuhartze aktiboaren ondorio dela nabarmendu dute, eta Amurrioko jeltzaleen pasibotasuna kritikatu: "Gazteen espetxeratzeen aurrean babesik ez helarazteaz gain, Amurrioko familiaren aurkako erasoari garrantzia kendu diote, ekintza isolatutzat hartuz".
Osteguneko osoko bilkuran EH Bilduk Galder Bonillaren espetxeratzea salatzeko mozioa aurkeztu zuen, baina ez zen aurrera atera. Hain zuzen, Guk Bai eta Orain Amurrio alderdiek alde bozkatu zuten, EH Bilduk ere bai; eta EAJk aurka. Hargatik, Josune Irabienen jarrera onartezintzat jo dute gazte antolakundeko kideek: "mozioa errefuxatu eta hitzik esan ez duelako".