Jose Mari Basualdo txirrindulari profesional ohia omenduko dute Amurrion apirilaren 5ean. Ekitaldia 13:00etan izango da Reforreko bizikleta museoan eta gero, 14:30ean, bazkaria egingo dute Bideko jatetxean. Horretan parte hartzeko apirilaren 1a baino lehen izena eman beharra dago Ormaetxea edo Koba Cycling dendetan Amurrion edota Aiarabiken Laudion. Bestela, 629 448 125 telefono zenbakira deituta ere egin daiteke. Menuaren prezioa 30 eurokoa izango da.
Juan Antonio Aldama antolatzaileak azaldu du eskualdeko txirrindularitza zale askok parte hartuko dutela eta, genienez, 250 lagunentzako lekua egongo dela. Ekimenaren helburua izango da Jose Mari Basualdo aiararraren ibilbide profesionala omentzea.
Basualdok 3 aldiz irabazi zuen Espainiako Ziklokros txapelketa (1972an, 1973an eta 1976an) eta Munduko Txapelketan 2. postua eskuratu zuen 1970ean eta 5. izan zen 1972an. Gainera, KAS talde profesionaleko txirrindularia izan zen 1971etik 1976ra bitartean. Bere bizitzan 80 lasterketa inguru irabazi zituen.
Juan Antonio Aldamak adierazi du lasterkari profesionala izan zen bitartean jende ugarik jarraitzen zuela, askok eskualdekoak.