Serapio Lopez baranbioarrak larunbatean agurtu zuen Arabako Bertsolari txapelketa. Duela bi urte finalista izan zen, baina 2019an ez du zortea alde izan: bosgarren bukatu zuen Legutioko finalerdia. Ondorioz, finaletik kanpo geratu da. Xabi Igoa aramaioarrak irabazi zuen lehen finalerdia, eta horrenbestez, bera izango da lehen finalista. Larunbat honetan, martxoaren 16an, erabakiko da Dulantzin nortzuk izango diren martxoaren 30eko finalean abestuko duten 6 parte hartzaileak.
Serapioren agurra
Saio berezia izan zen Serapio Lopezentzat. Izan ere, azken agurrean abestu zuen larunbatekoak izango zirela txapelketako bere azken bertsoak:"Lehenengo hartatik 35 urte dira igarota / kitto, nere azken txapelketako bertsoak gaur ditut bota / ni Lujanbio, Txirritak euki zuen mailan ez nago ta / Nire aipamenak izango dira bihar arte gehien jota!".
Finaleko sarrerak salgai
Gasteizko Printzipal Antzokian jokatuko da 2019ko txapelketako finala. Dagoeneko salgai daude sarrerak. Aiaraldea hedabideak 2 sarrera zozketatuko ditu erabiltzaileen artean.