Onartu dituzte Aiarako Kuadrillako aurrekontuak, abstentzioa nagusitu bada ere

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko mar. 16a, 08:57

Atzo izan zen Aiara Kuadrillako osoko bilkura. / Aiaraldea.eus

EAJ eta PSEren aldeko bozkei esker atera dira aurrera 2019ko Aiarako Kuadrillako aurrekontuak, gainontzeko alderdi guztiak abstenitu egin dira.  

Bost alderdiren abstentzioarekin (Aiara Batuz, Okondo Aurrera, Orain Amurrio, Omnia eta EH Bildu) eta biren aldeko botoekin (EAJ eta PSE) onartu ziren atzo Aiarako Kuadrillako aurrekontuak. EH Bildu eta EAJren artean jazo zen eztabaida nagusia. Omniak abstentzioa bozkatzeko arrazoiak jakinarazi zituen: “Kuadrillan gauza asko konpondu behar dira, ez dugu kontra bozkatuko urrats txikiak eman behar baitira erakundeak eman dezakeen zerbitzura iristeko”.

Orain Amurriok zaborren kudeaketagatik erabaki zuen abstenitzea. EH Bilduk, berriz, zenbait desadostasun agertu zituen: “Aurrekontuek ez dute berrikuntza askorik. Euskara arloko aurrekontu orokorra murriztu da, eta partida gehiago sortu dituzte hori nabaritu ez dadin.  Despiste irizpideak beharrean makillajearenak erabiltzen dituzte batzuk; euskararen aldeko ekimenetan argazkiak atera bai, baina gero euskara sustatzen duten komunikabideei dirulaguntzak kentzen dizkie EAJk”. Maider Basterrak ukatu egin zuen koalizio abertzaleak leporatutakoa: “Euskarak diru gehiago izango du, iazkoa eta Euskaraldian erantsitakoa. Inoiz baino ekintza gehiago izango ditugu”. 

Aurrekontukoen xehetasunak
Maider Basterra lehendakariak azaldu zuenez, langileen baldintzetan, zaborren kudeaketan edota elkarteen diru-laguntzetan egingo dituzte hobekuntzak, besteak beste. Euskara arloan Euskaraldiaren eragina ikertuko dute. Horrez gain, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren ekarpena erantsi dute aurrekontuetan, “2019ko dinamika nolakoa izango den ikusteko”. Berdintasun alorrean ez dute planik aurreikusi: “Ondorioz, partida guztia ekintzetara bideratuko da”.

Berdintasun topaketaz gain, autodefentsa feministari buruzko jardunaldiak antolatzeko konpromisoa hartu dute, “gazteengana heltzeko” helburuarekin. Bestalde, Beldur Barik ekimena eta jaietako kanpainak mantenduko dituzte.

Sustapen ekonomikorako, berriz, AECOk (Aiarako merkatari elkarteak) erakusleiho lehiaketa handitzeko partida handitzea eskatu du, iaz Astobitzan eginiko ekitaldia Laudioko kasinoan gauzatzeko.

Promozio turistikoa izango da nobedadeetako bat, Aiaratur desagertu arren, zenbait egitasmo gauzatu baitira, eskualdeko mahai eraketa kasu. “Lehen Arabako Foru Aldundiaren laguntzak soilik kudeatzen genituen, orain Eusko Jaurlaritzakoak ere. 112.275€ izango ditugu orotara turismoan inbertitzeko”. 

Alderdien hitzartzeetan EH Bilduk soilik hartu zuen parte: “Berdintasuna lortzea paperean jasotakoa baino gehiago da, zertarako osatu indarkeria matxistaren plana, ez badago gero diru partidarik ekintzak gauzatzeko?”. Kuadrillako lehendakariak eskuartean dituzten proiektuekin erantzun zion, beste udaletako teknikariekin adostutako jarduerak aipatuta, autodefentsa feministaren jardunaldiak kasu. 

Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa
Indarkeria matxistaren aurkako plana ere izan zuten ahotan, baita indarkeria sexistaren arreta protokoloa ere. “Aiarako kuadrillakoa indarkeria matxistaren alorrean EAEko pioneroa da, justizia egia eta erreparazioa ditu ardatz proiektuak”, erantsi zuen Maider Basterrak. Emakume elkarteek eta berdintasun teknikariek eginiko lan koordinatuaren emaitza da plana, presidentearen esanetan.

Orain Amurriok eginiko lanagatik zoriontzeko baliatu zuen hitza: “Erronka orain herritarrei  jakinarazten asmatzea da, plana erabilgarria izatea, indarkeria makro eta mikrotasunean desagertzeko”. Alderdi guztiek bozkatu zuten protokoloaren alde.

Eraso sexisten protokoloa ere bozkatu zuten. “Aholkularitzan eta arretan oinarritua dago”, zehaztu zuen lehendakariak gaiaren aurkezpenean. Lan teknikoaren bidez Osakidetza eta Ertzaintzak hartuko dute parte, besteak beste. 

Alderdien iritzien tartean, EH Bilduk hainbat kezka plazaratu zituen: “Bi dokumentuetan kontzeptu berdina jarri behar da, batean erasoak indarkeria matxistatzat jotzen dira, eta bestean sexistatzat”. Bestalde, Amurrion eta Laudion dagoeneko protokoloak badirela azpimarratu zuen koalizio abertzaleak: “Nori zuzendua dago egitasmo hau? Nola eragingo die herritarrei? Zein ekarpen egingo die tresna hauek dituzten herriei?”. Galderei erantzunez, jeltzaleek argitu zuten  ez dutela udal handien lana zapaldu, “politikarietatik harago lan tekniko handia dago”. Zentzu horretan, Basterrak nabarmendu zuen koordinazio bilerak egiten dituztela Aiarako berdintasun teknikarien eta Arabakoen artean. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide