Aurkeztu dute dagoeneko Puntazo Egunaren egitaraua. Apirilaren 13an egingo da Amurrioko kuadrillen egitasmoa, eta goizetik gauera arte luzatuko da jaia. “Egunaren xedea da Amurrioko jai kuadrillak biltzea eta haien papera ikusaraztea”, azaldu dute antolatzaileek. “Aiaraldeko jendea herrira bertaratzea ere espero dute, “jai giroa sortu dadin”.
10:30ean hasiko da programa, haurren gunea irekiko baitute ordu horretan. Puzgarriak eta tailerrak egongo dira bertan, besteak beste.
Tortilla Txapelketa Solidarioa egingo dute gero, goizeko hamaiketan Juan Urrutia plazan. “Izen ematea Txokogorri eta Atxubi tabernetan egin daiteke apirilaren 10a baino lehen, 2 euroren truke”, zehaztu dute antolatzaileek. Nabarmendu dutenez, irabazi guztiak AEFAT elkarteari emango dizkiote, ataxia telangiektasia gaitzaren aurka borrokatzeko.
13:00etan jaurtiko dute jaiari hasiera emateko suziria, eta jarraian hasiko da trikipoteoa. 14.30ean, aldiz, herri bazkaria egingo dute Matias Landaburun. “Bazkaldu eta gero zenbait ekintza antolatu dira, hala nola, sartenazo txapelketa edota bingoa”.
19:30ean, aldiz, kalejira egongo da herriko kaleetan barrena, Amurrioko Battuere batukadak girotua.
Kontzertu eskaintza oparoa
Gauean, aldiz, musikak hartuko du protagonismo osoa. Rapak pisu handia izango du, estilo horretako hainbat abeslari arituko baitira oholtza gainean 21:30etatik aurrera: Neod's, Ocb, Ndp eta Bajo Zero. Dientes de Luna eta Guda Dantza taldeek joko dute jarraian, eta Akerbeltz erromeria arduratuko da parranda goizeko ordu txikietara arte luzatzeaz.
Antolatzaileek nabarmendu dute aurtengoa Puntazo Egunaren X. edizioa izango dela. Horregatik, argazki proiekzioa egingo dute kontzertuen arteko atsedenaldietan, aurreko edizioetako irudiekin.
Aurreko ospakizunetako bideoak, hemen ikusgai:
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!