Antzerki Laburraren V. Jardunaldiak antolatu ditu Aimara antzerki taldeak datorren larunbaterako. Lau lan ikusteko aukera egongo da 19:00etatik 21:30etara, Kultura Etxean eta La Casonan. Ordu erdiro egingo dituzte paseak. Modu horretan, ikusleak nahi duen ordenean ikusi ahalko ditu piezak.
Batetik, Aimara taldekoak arituko dira: Rufok, Raulek eta Xabik Adios plasticos obra aurkeztuko dute, eta Mikel Losadak eta Aitor Fernandinok El gato de Schrödinger ikuskizuna. Bestetik, Karmele Larrinaga eta Iratxe Urkiagak Deskontrolatuta? emanaldia eskainiko dute, eta Chema Trujillok Café Bilbao saria jasotako Insider pieza.
Sarrerak Kultura Etxean egongo dira salgai. Obra guztietarako bonoa 8 eurotan salduko dute. "Pieza bakarrerako sarrerak 4€ balioko ditu, birenak 6€ eta hirurenak 7€", zehaztu dute antolatzaileek.
Emanaldien ordutegi zehatza
Ordu erdiko tartea izango du lan bakoitzak. Hiru txanda aurreikusi dituzte, ordea. Ordutegiak, honakoak izango dira emanaldika:
- 19:00 / 20:00/ 21:00 Deskontrolatua? eta Adios plásticos
- 19:30 / 20:30 / 21:30 Insider eta El gato de Schrödinger