Madrilen “euskaldunen eta arabarren interesak defendatzeko berme bakar” gisa aurkeztu da EAJ Aiaraldean

Txabi Alvarado Bañares 2019ko mar. 31a, 21:20

Ekitaldi jendetsua egin du EAJk gaur eguerdian Amurrioko San Anton plazan Aiaraldeko hautagaiak aurkezteko. Hainbat pertsonek hartu dute hitza: Araba Buru Batzarreko presidentea den Jose Antonio Susok, Amurrioko alkatea den Josune Irabienek eta Arabako diputatua den Mikel Legardak, Andoni Ortuzarrekin batera.

Suso izan da hitz egin duen lehena. Aiarako bost udaletan eta Arabako Batzar Nagusietan aritu diren jeltzaleek lana eskertu du politikariak. “Ibilbide bat daukagu, esperientzia daukagu. Kalean gaude. Proiektuak ditugu. Garatu nahi ditugun ideiak ditugu eta egingarri egin dezaketen jendea daukagu: jenderik onena”.

Irabien izan da mikro aurrean jarri den bigarrena. Amurrioko alkateak amaitzear dagoen agintaldiaren balorazioa egin du eta datozen lau urteetan garatzeko asmoa duen proiektuak izan ditu hizpide. Era berean, Espainiako Gobernuari eskatu dio Aiaraldearekin hartu dituen konpromisoak betetzea.

Konpromiso horiek ere izan ditu hizpide Legardak. Basaurbe eta Markixanako araztegien proiektua izan du hizpide Foru Aldundiko diputatuak, eta gaineratu du EAJ indartsu dagoenean “Arabari ondo doakiola”. “Oso berezia da Aiaraldea, eta EAJri ere antzeko zerbait gertatzen zaio”, nabarmendu du politikariak. Bere hitzetan, alderdi jeltzaleari botoa ematea da “Euskal agenda” aurrera ateratzeko modu bakarra.

Ortuzarren hitzak  
Andoni Ortuzar izan da mintzatu den azken hizlaria. Ironiaz betetako hitzaldia eskaini du Euskadi Buru Batzarreko presidenteak. “Txori migratzaileen” metafora baliatu du Espainiako alderdi politikoen jarrerak azaltzeko. “Alderdi horiek guztiak ados jarri dira gauza batean: ez dutela EAJrekin akordiorik egingo”. Horrez aurrean, Ortuzarrek ziurtatu du EAJ izango dela akordioa baietz edo ezetz esango diena, “ez alderantziz”. Zentzu horretan, politikari jeltzaleak honako ohartarazpen hau helarazi die gainontzeko alderdiei: “EAJren botoak nahi dituenak Euskal Agenda onartu beharko du, bai ala bai”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide