Talka Orain Amurrioren eta bere zinegotzi baten artean

Txabi Alvarado Bañares 2019ko api. 4a, 09:36

Kepa Gonzalez eta Maria Jose Garcia Castro, artxibo irudi batean. / Orain Amurrio

Maria Jose Garcia Castro zinegotziak talde politikoa uztea erabaki du, Kepa Gonzalezekin “desadostasun bateraezinak” dituelako.

Talka egon da Orain Amurrioren eta talde politiko horren zinegotzia den Maria Jose Garcia Castroren artean. Garcia Castrok oharra bidali die hedabideei, talde politikoan jarraituko ez duela jakinarazteko.

Azaldu duenez, talde politikoaren bozeramailearekin (Kepa Gonzalez) dituen “desadostasun bateraezinengatik” erabaki du taldea uztea, eta bere irudia ez erabiltzea eskatu du. “Bozeramaileari espresuki eskatu nion ez zezala nire irudia erabili, zerrendatatik kentzea eskatu niolako martxoaren 8an. Harritu egin naiz aurrekanpainako hauteskunde propagandak nire erabakia urratzen duela ikusi dudanean”, salatu du.

Orain Amurrioren erantzuna
Orain Amurriok ere oharra bidali die hedabideei gaiaren inguruko azalpenak emateko. “2018ko irailean Orain Amurrioko afiliatu eta pertsona independenteen artean kontsulta prozesua ireki genuen. Jakin nahi genuen maiatzaren 26ko hauteskundeetan parte hartzeko borondatea zegoen”, jakinarazi du talde politikoak, “inkestatu guztien %75a hautagaitza aurkeztearen alde agertu zen, eta batzuk lehenengo postuen artean agertzeko prest zeuden. Maria Josek, momentu hartan, gai honi buruz zituen zalantzak agerian utzi zituen. Pasa den otsailera arte ez du goiko postuetan joateko aukera erakutsi”.

Orain Amurriok nabarmendu du Kepa Gonzalez “aho batez” hautatu zutela alkategai izateko. “Gogoratu nahi dugu Maria Jose Garciak hautagaiaren alde bozkatu zuela”. Zerrenda osatu zuten gero. “Bertan Kepa Gonzalez lagunduko duten kideak proposatu ziren eta Maria Jose Garcia hirugarren hautagai gisa agertzen zen. Maria Josek bere atsekabea erakutsi zuen eta, eztabaidaren ostean, hautagaia ez izatea erabaki zuen. Bere erabakia errespetatzen dugu, ezin da  beste modu batean izan, batzarraren erabakia errespetatzen dugun moduan”.

Gauzak hala, talde politikoko kideek azpimarratu dute ezin dituztela onartu Mari Jose Garciak alkategaiaren aurka eginiko akusazioak. “Ez dira izaera pertsonaleko ezberdintasunak, taldearen funtzionamenduaren onarpena baizik. Taldeko kidea izateak ekartzen du taldeak hartzen dituen erabakiak onartzea, funtzionamendua onartzea, nahiz eta pertsonalki ez konpartitu”. Horregatik, “laguntza eta konfiantza osoa” helarazi nahi izan diete “hautagaiei zein Kepa Gonzalez zerrendaburuari”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide