Elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Valvospain-Ituarteko langileek Amurrioko Juan Urrutia plazan. Enpresa Batzordeak deitu du mobilizazioa, enpresaren etorkizuna kolokan dagoela argudiatuta. “Ez digute ezer zehatza esan. Zuzendaritzak jakinarazi digu diru arazoak dituztela eta akziodunek erabaki behar dutela zer egingo den fabrikarekin”, azaldu du Aitor Etxebarriak. Batzordeko kideak salatu du akziodunek langileez ahaztu direla. “Oso kudeaketa txarra egin dute eta horregatik gaude egoera honetan”.
Soldata atzerapenak
Horrez gain, langileek salatu dute bi urte daramatzatela soldata atzerapenekin. “Ez dugu oraindik martxoko soldata jaso eta otsailekoa aste honetan eman digute. Horregatik, ahalegin berezia egin behar izan dugu langileok hilabete amaierara iristeko”.
Mobilizazio gehiago
Momentuz ez dute zehaztu noiz egingo dute hurrengo mobilizazioa, baina Aste Santuaren ostean protestan jarraituko dutela aurreikusi dute.