Atzo eguerdian hainbat whatsapp taldetan aipatzen zuten albistea eta bolo bolo zebilen irudia: Eduardo Inda Amurrion zegoen. Egoera politiko eta soziala herrian nabarmen berotu da azken urte eta erdian (Alfredo Remirez Marañon "@erreharria" eta Julen Ibarrolaren espetxealdiengatik, ezker abertzaleko familia baten etxearen aurkako tiroketagatik ustez polizia nazional erretiratu baten aldetik eta Galder Barbadoren atxiloketa eta kartzelatzeagatik, besteak beste) eta irakiten dagoen udalerri batean horrelako aldagaiak txertatzeak ez du ekartzen ezer onik.
Horren jakitu ziren, zalantzarik gabe, Eduardo Inda eta Santiago Abascal, baita amurrioar ugari. Berez, atzo eguerdian baten batek bere laguna etxera bidali zuen arazoak ekiditeko eta, zorionez, Amurrio ez zen berriro agertu hedabidetan.
Gauzak horrela, edonork pentsa dezake probokazio hitza erabiltzea atzoko bisitarekin neurriz kanpoko irakurketa dela. Hala ere, aurrekariek horretara bideratzen dute hausnarketa.
Izan ere, Eduardo Indaren bisitaren helburua zen Santiago Abascal elkarrizketatzea EAEn egindako hauteskunde biraren testuinguruan. Argi geratu da Abascalen xedea hautsak harrotzea zela eta zenbait hedabideren laguntzaz, iraganeko mamuak berreskuratzen saiatzea.
Ostiralean eta larunbatean ehunka lagun (feministak, antifaxistak, ezkertiarrak, abertzaleak...) batu ziren muturreko eskuineko Vox alderdiaren diskurtsoaren kontra agertzeko Donostian eta Bilbon.
Ertzaintzak euren aurka jo zuen Bilbon eta 5 pertsona atxilotu zituen. Geroko istiluak baliatu dituzte hedabide espainiarrek "kale borroka" hitza berriro armairutik ateratzeko, nahiz eta ez genuen ezer sutan ikusi.
Alderdi bakoitzak erabiltzen ditu ahal dituen bitartekoak botoak erakartzeko, eta Santiago Abascalek nahiago du liztor-habiari ostikoa ematea, jakin baitaki bera ez duela inork ukituko.
Gauzak horrela, non kokatu Eduardo Indaren txangoa? Beste kasu bat izango balitz, aukera egongo litzatekeen pentsatzeko elkarrizketa Amurrion egitea erabaki neutroa dela, bigarren asmorik gabeko iniziatiba.
Ordea, Indak eskarmentua du horrelako muntaiak saltzen. Martxoan Altsasura jo zuen, kasu horretan ez Santiago Abascalekin, baizik eta Pablo Casadorekin. Kazetariak elkarrizketa egin zion PPko buruari Koxka tabernan (Altsasuko afera osoa hasi zen establezimenduan, hain zuzen).
Saiakerak ez zion inolako graziarik egin tabernako jabeari, zeina etxetik jo zuen bere negoziora eta Casado eta Indari joateko eskatu zien. Eurek erantzun zioten leku publikoa zela, eta, ondorioz, grabatzeko eskubidea zutela. Hori ikusita, Koxkako jabeak establezimendua ixteari ekin zion, kazetaria eta politikaria joan zitezen.
Pasadizo hori istorio fantastikoa bilakatu zuen Indak: Koxka tabernako jabeak gatibu izan zituen 10 minutuz, jendea kanpoan eurak jipoitzeko elkartzen zen bitartean. Zorionez, Guardia Zibilak salbatu zituen.
Ordea, Indak berak igotako irudiek gezurtatu zuten bere bertsioa eta Koxka tabernako jabeak ere telebistetan azaldu zuen gertatutakoa. Hemen ikusi daitezke ETB1ean egindako adierazpenak.
Hori gutxi balitz, Eduardo Indak berak urtarrilean simulatu zuen eraso bat Cuatro telebistaren kamara batekin topo egitean, irudietan ikus daitekeen moduan. Antzerkia hain kalitatea gutxikoa izan zen, ezen ehunka txantxa egiteko balio izan baitzuen.
Ibilbide horrekin, gehiegi da susmatzea atzo Santiago Abascal eta Eduardo Inda polemikaren bila joan zirela Amurriora? Nire ustez, inondik inora. Hortaz, zorionak zuhurtziaz jokatu zuten amurrioar guztiei.
Izan ere, hainbat politikarik eskuin muturra eta bere aurka dauden guztiak (feministak, LGTBQ ekintzaileak, antifaxistak, etorkinen aldeko sareak, independentistak...) zaku berean sartzen saiatzen diren bitartean, bistakoa da batzuk eta besteak ez direla batere antzekoak, eta estatuak ez dituela berdin babesten. Atzo norbaitek zerbait esanez gero Santiago Abascal eta Eduardo Indari, gaur, ziurrenik, Entzutegi Nazionalaren berri izango genuke eskualdean.