Udalak huts egin du energia berriztagarrien erabileran, Orain Amurrioren ustez

Erredakzioa 2019ko api. 14a, 11:00

Orain Amurrioko zinegotzia, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Oposizioko talde politikoaren arabera, energia elektrikoa kontratatzearen inguruan hartutako erabakiak ez du bat egiten udalak energia berriztagarrien alorrean hartutako konpromisoekin.

Orain Amurriok prentsa-oharra plazaratu du Udaleko Gobernu Batzordeak  energia elektrikoa kontratatzearen inguruan hartutako erabakia salatzeko. Oposizioko talde politikoaren arabera, energia elektrikoa kontratatzeko erabaki horrek ez du bat egiten udalak energia berriztagarrien alorrean hartutako konpromisoekin. 2017ko urtarrilean onartutako mozio bat ekarri du gogora Orain Amurriok: “Bertan eskatzen zen energia elektrikoko kontratazio publikorako baldintza pliegoetan, gizarte eta ingurugiroaren inguruko klausulak sartzea udal instalazioen hornidurarako”. 2019ko otsailean gaiari buruzko beste mozio bat aurkeztu zuen talde politikoak, “gobernu taldea konprometitzeko asmoz”.

Gauzak hala, udalak “berriro huts egin duela” uste du Orain Amurriok, kontratazio hori “urrun” dagoelako “jasangarritasun energetikoaren legea betetzetik”. Horrez gain, oposizioko taldeak salatu du Arabako Foru Aldundiaren bidez kontratatuko litzatekeen enpresak ez duela “100% energia berriztagarrien ziurtagiria betetzen.  Honek ez luke beteko Europako 2012/27/UE direktiba, legalki loteslea dena. Gainera, Amurrioko udalak ez luke beteko mozioaren bidez hartutako konpromisoa”. 

Horrez gain, “erosketa bateratuak” ekonomia sozialeko enpresa txikiei “kalte” egiten diela uste du Orain Amurriok. Horrez gain, Arabako Foru Aldundiak indarrean daukan  kontratua “sorta bakarrean” egin zela salatu du, “2014/24/UE kontratazio publikoaren inguruko  direktibak dionaren arabera nahitaezkoa denean sorta desberdinetan banatzea enpresa txikiei kontratu publikoetara heltzeko erraztasuna bermatzeko”.

Gauzak hala, kontratazio hori egitearekin “udalaren kudeaketa zuzena” galtzen dela uste du Orain Amurriok. “Gainera, ez dira ingurugiroaren eta kontratazio publikorako legediak aintzat hartzen. Guzti honengatik ez gatoz bat gobernu batzordeak hartutako erabakiarekin”.

Aiaraldea hedabidea Amurrioko Udal Gobernuko ordezkariekin jarri da harremanetan gaiaren inguruan galdetzeko, baina ez dute adierazpenik egin nahi izan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide