Ekintza ugari egongo da San Anton plazan "Jalgi hadi" programaren barruan

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko api. 23a, 07:35
San Anton plazan izango dira ekintzak. / Aiaraldea.eus

Pazko Astean -apirilaren 23tik 26ra- izango dira jarduera guztiak, 17:00etatik 19:00etara. Gaur jolas erraldoiak egongo dira. 

Haurrei bideratutako zenbait ekintza egingo ditu aste honetan Amurrioko Udalak. Zehazki, 17:00etatik 19:00etara izango dira jarduerak, San Anton plazan. Tailerrak eta jolasak tartekatuko dituzte egunez egun. "Jalgi Hadik aisialdirako eta entretenimendurako espazioa eskaintzen die 3 eta 12 urteko haurrei", zehaztu du tokiko erakundeak prentsa oharrean.

Hala, errespetua, elkarbizitza,elkartasuna, sormena eta berdintasuna sustatu nahi dituzte, "euskararen erabilera ahaztu gabe". 

Gaur hasiko da programa, jolas erraldoiekin. "Eskuz egindako 20 jolas klasiko eskainiko dira, egur naturalarekin".

Bihar, berriz, xaboizko ponpak egongo dira, makina erraldoiak baliatuta. Horrez gain, umeentzako yoga tailerra prestatu dute, adinaren arabera bi saiotan bereizita: 17:00etatik 18:00etara 3-6 urtekoek izango dute horretarako aukera, eta 18:00etatik 19:00etara 7-12 urte artekoek. Yoga praktikatzeko, baina, Kultura Etxean eman beharko da izena.

Ostegunean, berriz, patinaje tailerra antolatu dute, Amurriopatin elkartearen eskutik. Gainera, minigolfean aritzeko euskarriak jarriko dituzte, hainbat zelai eta oztopo. 

Ostiralean amaituko da egitaraua, "Dibertitxok" saioarekin. Udalak aurreratu duenez, autotxoke ekologikoak ekarriko dituzte, "flotagailuak erabilita egiten dituzte". Kulturmagic enpresa kontratu dute "Jalgi Hadi" programa garatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide