Aiara Dantza taldeak ilusioz eta sustoarekin hartu du gonbita, arduradunen arabera. Izan ere, apirilaren 27an -San Prudentzio egunaren bezperan- erretreta ekitaldiaren ondoren emanaldia eskaintzeko eskatu diete. Aldundiaren jauregiko balkoipean izango da hori, Gasteizko tronpetari eta atabalarien laguntzarekin. Erretreta eta erretreta artean dantzatuko dute aiaraldearrek. Eurekin batera Lattor metal eta perkusio taldea arituko da, eta Danbolineruak taldea. 21:00etan izango da ikuskizuna.
"Lan handia da horrelako zerbait prestatzea, denbora gutxirekin esan digute", aipatu du Amurrioko eragileak. Edozelan ere, ohoretzat hartu dute gonbita: "Arabako ekitaldirik garrantzitsuena da, oso talde gutxik dute bertan dantzatzeko aukera".
Aiaraldea hedabideari adierazi diotenez, "euskal dantzen esentzia hartu eta ekitaldi honetarako moldatu" dituzte. Orotara 8 pieza prestatu dituzte, Euskal Herriko hainbat dantzekin. Alabaina, ez dute elkartekide guztiek parte hartuko: "Dantza taldeko gazteak joango gara, 20 lagun".