Lau egun iraungo dute aurten San Joseko jaiek, apirilaren 27, 28 eta 30ean eta maiatzaren 1ean izango baitira. Mota askotako ekintzak egongo dira egitarauaren barruan: umeentzako jarduerak, tailerrak, bazkariak, txapelketak, erakustaldiak...
Musika eskaintza oparoa ere egongo da: The Pushermen, Suaia eta Ama Rebel, DJ Ruba, Sabin, Akerbeltz, Puro Relajo eta DJ Markelin igoko dira auzoko oholtzara. Gainera, hilaren 30ean jarduera berritzaile bat egongo da: Ghetto Battles freestyle txapelketa.
Jai batzordeko kideek jakinarazi dute “egitarau zabala” osatzen saiatu direla. “Auzo guztiaren bultzadaz ateratzen dira jaiak aurrera, jendearen erantzunik gabe ez litzateke posible horrelako jaiak prestatzea”, nabarmendu dute, “auzokideak eta ingurukoak ondo pasatzeko eta gustura egoteko asmoz prestatzen ditugu. Beraz, esan daiteke herriarentzako jaiak direla".
Parte hartzeko gonbita
Jai Batzordeko kideak otsailean hasi ziren prestaketa lanetan. “Musika taldeak kontratatu, ekitaldiei forma eman... egia esan, lan asko dago egiteko”, azaldu dute. Horregatik, jende gehiagoren laguntza izatea eskertuko lukete. “Norbaitek lagundu nahiko baligu etorri dadila beldur gabe, ostiral arratsaldeetan biltzen gara 19:30etik aurrera”.
Gaztetxeko egitaraua
Amurrioko gaztetxean ere egitarau oparoaz gozatzeko aukera egongo da. Larunbatean -apirilak 27- parrillada egingo dute 19:30ean eta gero kontzertuak egongo dira Akabu, Astarte eta Dantzetan Jarrairen eskutik. Asteartean -apirilak 30-, aldiz, sound system doinuek hartuko dute gaztetxea, Aiaraldeko Soinu Sistemaren eta Stepi eta lagunen eskutik.
EGITARAU OSOA
Apirilak 27, larunbata
12:00 // Txupinazoa
14:30 // Indaba-jan herrikoia
17:00 // Arabay Flamencoren kontzertua
19:30 // Parrillada Gaztetxean
22:00 // Kontzertuak: The Pushermen, Suaia eta Ama Rebel eta DJ Ruba
00:00 // Kontzertuak Gaztetxean: Akabu, Astarte eta Dantzetan Jarrai
Apirilak 28, igandea
17:00 // Umeentzako jolasak, barraketarako fitxak, tailerrak eta buruhandiak
18:00 // Txokolatada
18:00 // Chock Dee gimnasioaren erakustaldia
19:00 // Diskofesta
Apirilak 30, asteartea
19:00 // Ghetto Battles: freestyle txapelketa
22:30 // Kontzertuak: Sabin, Akerbeltz eta DJ Markelin
00:00 // Kontzertuak gaztetxean: Aiaraldeko Soinu Sistema eta Stepi eta lagunak
Maiatzak 1, asteazkena
11:00 // Txirrindularitza lasterketa: San Jose saria
11:00 // Fanfarrea
12:00 // Meza
18:00 // Kuskua eta La Mararen erakustaldia (sevillanak)
19:00 // La Mararen rumbak eta sevillanak
20:00 // Puro Relajo